Grebara joko dute azaroaren 26an eta 27an Hego Euskal Herri osoan
Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek grebara joko dute azaroaren 26an eta 27an, Hego Euskal Herri osoan. Deialdi bateratu honen bidez, sindikatuek patronalak negoziazio-mahaietan mantentzen duen blokeoa salatu eta sektorearen erregulazioa eta lan-baldintzen hobekuntza aldarrikatu dituzte.
EAEko zein Nafarroako negoziazio-mahaietan elkarrizketak geldirik daude, EUKIren eta AESTANen jarreraren ondorioz. Bien bitartean, enpresek langileen eskubideak sistematikoki urratzen jarraitzen dutela salatu dute sindikatuek. Besteak beste, lan-bizitza uztartzeko neurriak eta malgutasunari mugak jartzea eskatzen dute.
EAEko hiru Aste Nagusietako greben arrakastaren ostean, sindikatuek adierazi dute mobilizazioekin jarraituko dutela benetako konpromisoak lortu arte. EUKIk azken orduetan sindikatuekin harremanetan jarri izana aurrerapausotzat jo dute, baina proposamena oraindik ez dela nahikoa azpimarratu dute.
Hori dela eta, azaroaren 26an eta 27an kongresu, kontzertu, ekitaldi politiko eta mota guztietako ikuskizunetan eragingo duen grebara deitu dute. Herritarrei bi egun horietan ekitaldietara ez joateko eskatu diete, eta antolatzaile, talde, sustatzaile eta sektoreko gainerako eragileei mobilizazioarekin bat egiteko eta programatutako ekitaldiak bertan behera uzteko deia egin diete.