Neke orokortuaren aurrean, greba orokorra

2026/11/10
Neke orokortuaren aurrean, greba orokorra
Eider Azkunaga - ELA Nazioartea
Europako hainbat lekutan zabaltzen ari dira protestak, eta horretarako arrazoiak ez dira falta. Protesten abiarazlea desberdina izan da herrialde bakoitzean, eta horietako asko gazteek gidatu dituzte, baina guztiek dute ezaugarri komun bat: gero eta jasangaitzagoak diren bizi-baldintzekiko nazka eta nekea.

Euskal Herrian, ezinegonaren aurreko erantzunak adierazpen bereziki esanguratsua izango du datorren azaroaren 11n, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek etxebizitza sindikatuekin batera deitutako greba orokorrarekin. Azaroaren 11n dena gelditu eta kalera aterako gara, Hego Euskal Herrian langile klasearen pobretzea geldiaraziko duten egiturazko neurriak eta soldata igoerak exijitzeko. Azken finean, oinarrizko aldarrikapen bat egiteko: duintasunez bizitzea pribilegioa izan ez dadila. 

Aldarrikapen unibertsala bilakatzen ari da. Frantzian, adibidez, protesten gune nagusietako batean, ikasleek mobilizazioei eutsi diete azken asteotan, irakasle falta, ikastetxeen egoera txarra eta hezkuntza-desberdintasunak salatzeko. Ikasleen protestekin hasi zena ezinegon orokortuaren pizgarri bihurtu da, eta sindikatuak, nekazariak, garraiolariak eta `txaleko horiak´ ere batu zaizkio mugimenduari. Aldarrikapen ugarien aurrean erantzunik jaso ez dutenez, milaka lagunek bat egin zuten Frantziako CGT, CFDT, FO, UNSA eta FSU sindikatuek azaroaren 5erako deitutako greba orokorrarekin.

Espainiako Estatuan, Maricarmen Abascal 87 urteko emakumearen etxegabetzeak etxebizitza eskubidearen aldeko protesta handien metxa piztu zuen. Gero eta pertsona gutxiagoren eskura dagoen pribilegio bihurtu den eskubidea. Espekulazioak eta politika publiko eraginkorrik ezak milaka pertsona beren etxeetatik kanporatzen ari dira, eta, bereziki, gazteak bizitza-proiektu autonomo bat garatzeko aukerarik gabe uzten dituzte.

Portugalen aspalditik ari dira mobilizazioak egiten (etenik izan dutenik ere ezin esan). Joan den ekainean, mobilizazio sozialak, CGTP sindikatuak bultzatutako bi greba orokor nazional barne, bertan behera utzi zuen Portugalgo langile-klasea are gehiago prekarizatu nahi zuen lan-erreforma. Gaur egun, bizi-kostuaren garestitzearen aurkako eta soldata, pentsio eta zerbitzu publiko hobeak eskatzeko mobilizazioek aurrera jarraitzen dute, eta azaroaren 21erako eta 24rako deialdi berriak dituzte. Protesta sindikalarekin batera, etxebizitza-eskubidearen aldeko mobilizazio-olatu bat ere zabaldu da Portugalgo hainbat hiritan.

Belgikan ere, azken hilabeteotan, mobilizazio handiak ari dira egiten, herrialdeko bi sindikatu nagusiek (CSC eta FGTB) bultzatuta, gobernuaren murrizketen eta erreforma antisozialen aurka. Konkista historikoak iraultzeko gobernuak egindako saiakeren aurrean, sindikatuek mobilizazio handi batera deitu dute Bruselan azaroaren 23rako. Protesta horiei ikasleen protestak gehitu zaizkie, eta hezkuntza murrizketak, matrikulen garestitzea eta hezkuntza jasotzeko oztopoak salatu dituzte.

Italian, joan den urriaren 17an, CGIL sindikatua buru duen Via Maestra koalizio sozialak, ehun elkarte zibil baino gehiagorekin batera, 100.000 manifestari baino gehiago bildu zituen Erroman, bizi eta lan baldintzen okertzea salatzeko eta behar sozialen kalterako berrarmatzea lehenesten duten aurrekontu politiken aurrean aldaketa eskatzeko. Egun horretan bertan CGILek greba orokorra iragarri zuen azaroaren 20an. Italiako beste hiri batzuetan ere martxa egin zuten bizitzaren kostuaren, soldata baxuen eta zerbitzu publikoen okertzearen aurka.

Alemanian, hezkuntzaren okertzearen, bizitzaren kostu handiaren eta murrizketa sozialen aurka protesta egiteaz gain, milaka gazte derrigorrezko soldadutzaren itzuleraren eta berrarmatzearen aurka mobilizatzen ari dira. Gobernua milaka milioi euro gastatzen ari da horretan.

Albanian, duela hilabete batzuk hasi ziren protestak, hegoaldeko kostaldean luxuzko turismo-proiektu baten aurkako kanpaina gisa. Proiektua Jared Kushnerrek (Donald Trumpen suhiak) sortutako enpresa bati lotuta dago. Horrez gain, ustelkeria, bizi-kostuaren garestitzea eta gazteentzako aukera falta salatu dituzte. Urriaren 14tik aurrera, ikasleak ere kalera atera dira, hezkuntzan inbertsio handiagoa eskatzeko, dirulaguntza falta eta ikasketak amaitu ondorengo lan-aukerarik eza salatzeko, eta Edi Rama lehen ministroaren dimisioa eskatzeko.

Serbian, bi urtez luzatutako ikasleen mobilizazioek Aleksandar Vučić presidentearen porrot elektoralarekin amaitu dute. Protestak Novi Sadeko tren-geltokian markesina bat erori ostean hasi ziren; 16 pertsona hil ziren, eta gertakaria gobernuaren ustelkeriaren ikur bihurtu zen. Manifestariek erantzukizun politikoak eta zerbitzu publikoen hobekuntzak ere eskatzen zituzten.

Eta horiek Europako puntu askoz gehiagotatik igarotzen den mobilizazio-bolada baten adibide batzuk baino ez dira. Detonatzaile eta aldarrikapen ezberdinekin, protesta horiek guztiek oinarri bera partekatzen dute: gero eta pertsona gehiagori, bereziki gazteei, bizi-proiektu duina garatzeko aukera ukatzen dien sistema baten aurreko nazka eta nekea. Gehiengoaren bizi-baldintzak prekarizatzen dituen sistema da, eskubideak murrizten dituena, zerbitzu publikoak hondatzen dituena, etxebizitza eskuratzeko eta bizi-proiektu sendo bat bermatuko lukeen enplegua izateko ateak ixten dituena, eta, aldi berean, gerrarako prestatzeko gero eta diru gehiago inbertitzen duena. Langile-klasea gero eta gehiago pobretzen duen sistema, enpresa handien eta errenta handienen pribilegioak mantendu eta indartzen dituen bitartean.

Agertoki honek lehen mailako erronka politikoa ere planteatzen du. Izan ere, atsekabea eta itxaropen falta, batez ere gazteen artean, lur-eremu emankorra dira gezurrezko erantzunak ematen dituztenentzat, errudun faltsuak seinalatzen dituztenentzat eta gorrotoa elikatzen dutenentzat; betiere, bizi-baldintza hauetara kondenatzen gaituztenen interesak babesten dituzten bitartean. Eskuin muturrak aurrera egitea ez da saihestezina, baina horri aurre egiteak benetako alternatiba eskaintzea eskatzen du: itxaropena berreskuratzea, ezinegona antolatzea eta gizartea antolatzeko beste modu batzuk badirela erakustea, gehiengoaren beharrak gutxi batzuen irabazien gainetik jarriz.