Langabeziak gora egin du, batez ere emakumeen artean
Langabezia handitu egin da eta emakumeen kontura egin du. Emakumeen langabeziak 2.886 gora egin duen bitartean, 308 gizon gutxiago daude langabezian. Hala, emakume langabeen ehunekoa %56koa da, eta gizonena, berriz, %44koa. Lurraldeka, langabeziaren igoeraren ehunekoa handiagoa izan da Nafarroan azken hilabetean; 1.088 pertsona gehiago daude lanik gabe, eta horrek %2,7ko igoera suposatzen du. EAEn, igoera %1,2koa izan da, hau da, 1.490 langabe gehiago daude.
Urtarrilean langabeen kopuruak gora egin du berriz ere lau hilabetez jarraian behera egin ostean eta langabe kopurua 172.455 pertsonara igo da. Langabeziaren gorakada zerbitzuen sektoretik dator, 2.910 pertsonarekin. 2020ko urtarrilarekin alderatuta, 20.934 pertsona gehiago daude lanik gabe HEHn, hau da, %13,8 gehiago. Nafarroan, igoera altuagoa izan da, %23,2koa, hain zuzen eta EAEn, berriz, %11,1ekoa.
Urtarrilean egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berberak izaten jarraitzen dute: prekarioak eta aldi baterakoak. 83.589 kontratu egin dira, eta horietatik %91,8 aldi baterakoak izan dira. Gainera, egindako kontratuak nabarmen murriztu dira azken urtean, kontratazioa %26 murriztu da, eta kontratu mugagabeak %30 baino gehiago jaitsi dira.
Langabeziagatiko babes-sistemari dagokionez, langabezian inskribatutako pertsonen %52,7k ez du inolako langabezia-prestaziorik jaso abenduan (90.860). Eta soilik %28,3k kobratu du ordaindutakoaren araberako langabezia-prestazioa.
Datu horien aurrean eta Hego Euskal Herriko hainbat enpresetan kaleratzeen azken berrien aurrean, beharrezkoa da erakundeek esku hartzea, langileen egoeraren erantzule ere badirelako. Enplegua eta lan-baldintza duinak bermatu behar dira, eta ezinbesteko sektoreak edo enpresa estrategikoak publiko egitearen alde egin behar da.