ELAk antzinatasun-baimenak berreskuratzea eskatzen du

2014/03/26
ELAK eskatu dio funtzio publikoaren sailburuordeari ertzaintzan aukerako egunengatik irabazitako epaia euskal administrazioko langile guztiei hedatzeko,

ELA sindikatuak idazki bat aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzan Ertzaintzaren gaineko epaia euskal administrazioko langile guztiei hedatzeko. Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 6 zk.ko Epaitegiaren epaian honela esaten da “20/2012 ELDaren 8.1 eta 2 artikuluaren bidez aldaturiko EPOE/EBEParen 48 eta 50 artikuluak (eta beraz, hortik eratorritako autonomietako arauak) ezin dira aplikatu atzera eraginez; beraz, ezin izango dituzte eraginpean hartu Ertzaintzaren zerbitzuan 15 urte bete dituzten langileak, dagozkien opor-egun gehigarriak hartzeko eskubidea sorrarazia baitute”. Hori dela-eta, 2012ko uztailaren 15ean lortuta zeuden antzinatasun-egunak hartzeko aukera ematen zaie ertzainei.

ELAtik azpimarratu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak, beste hainbat murrizketaren artean, aipaturiko antzinatasun-baimenak (“kaskazuriak” izenaz ezagunak) kendu zituela, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48 eta 50 artikuluak aldatu baitziren Aurrekontuen Egonkortasuna Bermatzeko eta Lehiakortasuna Sustatzeko Neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 ELDaren 8.1 eta 2 artikuluaren bidez, eta hori EAEn aplikagarria izango zelakoan.  Antzinatasun-egunetako baimena kentzeko argudioa neurrien oinarrizko izaera izan zen, baina orain epaiak baliogabetu egin du orduko argudioa.

ELAtik premiatu egiten dugu berriro Jaurlaritza, murrizketa-politikak zeharo aldatzera, besteak beste, lanaldia luzatzearena eta lan-eskubideak murriztearena (Aldi Baterako Ezintasuneko egoera, hartzeko egunak, ekonomikoak...). Horrelako neurriak lagungarriak izan dira lanpostuak galtzeko, lan-baldintzak lorrintzeko, eta EAEko zerbitzu publikoak okerragotzeko. Horregatik, 2010. urteko Mahai Orokorraren Akordioa osotasunean betetzea eskatzen dugu beste behin.