SOLDATA ARRAKALAREN AURKAKO EGUNA

Gutxieneko soldata handituz arrakala murrizten da

2026/02/21
Gutxieneko soldata handituz arrakala murrizten da
Jone Bengoetxea, genero politikako arduraduna eta Aitor Murgia, azterketa bulegoko arduraduna
Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS) handitzeak emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala murrizten du. Zer dela eta? Erantzuna erraza da: Gutxieneko soldata jasotzen duten langileen ia bi heren emakumeak garelako, eta gizonen soldatak baino apalagoak ditugulako; EAEn % 13 gutxiago eta Nafarroan, % 20. LGSaren igoerari esker tarte hori asko txikitu da azken urteetan.

ELAk eta greba sindikal feministek, esaterako garbitasun sektorean edota Gipuzkoako etxez etxeko laguntza zerbitzuan izan direnek, arrakala leuntzeko ekarpena egin dute, % 20 eta 30 arteko soldata igoerak lortu baitira. Urratsez urrats halako garaipenekin langileon gutxieneko maila ekonomikoa altxatzen da, bide batez emakume migratu ugarik diharduen sektoreotan indar herritar eta kolektiboa sortuz. 

Hala ere, sakoneko joerek bere hortan diraute; esaterako, emakumeek enplegua eta zaintza lanak bateratu behar izaten dituzte formula magikoa inposatzen zaielako, lanaldi partziala (emakumeen % 25,2 dago egoera honetan). Halaber, emakumeak seme-alabak zaintzeko eszedentzien % 87 eta beste senide batzuek zaintzeko eszedentzien % 72 hartzen dituzte. Hori gutxi ez eta aldi baterako kontratua du emakumeen % 22ak (gizonen kasuan % 15ak). 

Zer esango dugu, bestalde, 65 urtetik gorako emakume asko eta askorekiko zorraz? Hauek ingurukoak doan zaindu izan dituzte, eta orain haien pentsioa pobrezia gorriaren atalasetik behera geratu da: Nafarroan alargun-pentsioen % 21,3 eta EAEn % 16,7. Ezin dugu ahaztu ere emakumeek osatutako guraso bakarreko familien egoera, batez ere emakume migrante askoren kasua; hauei eragiten die gehien beharrak, arrisku sozialak eta pobreziak. 

Ez da kasualitatea. Ez bata, ez bestea. Hasteko, soldatarik kaskarrenak sektore feminizatu, arrazializatu eta prekarizatuetan direlako nagusi: etxeko langileak eta zaintza, ostalaritza, merkataritza edota enpresa txiki eta ertainak. Baina zer izan zen lehenengo, arrautza ala oiloa? Bai baitakigu lan-sektore bat feminizatuz gero prekarizatu egingo dela azkenean...

Aste gutxi barru, martxoaren 17an, 1.500 euroko LGSaren aldeko greba orokorra deitu du euskal gehiengo sindikalak. Otsailaren 22a, berriz, soldata-berdintasunaren aldeko nazioarteko eguna dugu. Bada, bi hitzorduak bat datoz eta kutsu feminista eta antirrazista nabarmena dute. 

Beraz, borrokarako beti aski arrazoi badugu; badakigu 1.500 euroko LGS batekin ez dela egiturazko genero-desberdintasuna konponduko, ez eta joko-arau heteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak ere; haatik, ezin dugu ukatu soldata gure bizitzan funtsezkoa dela; areago emakumeon kasuan, baldin eta erabakitzeko, autonomia izateko eta bortizkeria matxistatik babesteko aukera izan nahi badugu. 

Balio bereko lanak parekatzea, soldata-arrakala murriztea eta LGS handitzea dira giza-eskubideei buruzko lehen ikasgaia, eta premia bizia emakumeon bizimodurako. Gure eguneroko jarduera baldintzatzen dute, areago kontutan izanik tresna horiek asmatu eta taxutzen dituztenek ez gaituztela ikusten, ez aintzat hartzen. 

Guk ere gure ahotsa entzunarazi nahi dugu; hemen erabaki nahi dugu geure soldatari buruz, aberastasunaren banaketaz eta makro- zein mikro-ekonomiaz...

Justizia sozial eta feministaren alde, martxoaren 17an greba orokorra!