Muñoz: “Erreforma laborala geldiarazteko modu bakarra enpresako negoziazioa izango da”
Idazkari nagusiarekin batera, prentsaurrekoan Ioseba Villarreal ELAko negoziazio kolektiboko arduraduna eta Haimar Kortabarria bulego teknikoko legelaria izan dira. Sindikatuak negoziazio kolektiboan izango duen estrategiaren berri eman dute hirurek.
Muñozek azaldu duen legez, “Erreforma Laboralak dioenez, sektore-akordioa gomendio bat besterik ez da, bete beharrik gabekoa; aitzitik, enpresetan hitzartzen denak lehentasun absolutua izango du aurrerantzean. Bestela esanda, sektore mailako hitzarmen bat sinatzeak ez du aplikatuko denik bermatzen”.
ELAko idazkari nagusiak aipatu du aurrera-eraginaren amaia (iraungitze formaletik haratago hitzarmenaren iraupena) Damoklesen ezpata bat dela, izan ere, hitzarmena indarrean ez dagoen unetik aurrera lan-baldintzak beste hitzarmen okerrago baten arabera arautuko bailirateke, eta hori ezean, gutxieneko legalen arabera.
Muñozek berretsi du ELAk ez diola patronalari legitimaziorik emango, “gerra adierazpena egin baitu soldataren eta enpleguaren aurka eta lanari bere gizatasuna kendu nahi baitio”.
Joseba Villarrealek, berriz, esan du ELAk helburu bat izango duela, ekintza sindikala antolatzea: “Errealitate honek antolakuntza eta konpromiso militantea eskatzen du; mugimendu sindikalaren jatorrira itzuli beharra dago, indar-erlazio egokiaren alde lan egiteko. Lehen urratsa, noski, enpresetan egin behar dugu. Gure jendea antola dadin eta bere hitzarmena lortzeko bidean protagonista izan dadin egin beharreko guztia egingo dugu. Enpresetan indarrik ez duen sindikalismoak ez du beste inon benetako eragina izateko aukerarik edukiko”.