ELAk lan egingo du aldaketa soziala Nafarroako Gobernu berriaren lehentasun bilaka dadin
ELAk badaki berebiziko erronka daukagula aurrean. Aukera historikoa dugu murrizketa, diru-xahutzea, klientelismoa eta Nafarroako euskal errealitatearen jazarpena ekarri duten politikak amaiarazteko. ELAk Nafarroan aldaketa politiko eta sozial sakon bat izan dadin saiatuko da, ziur baita erregimeneko indar politikoen itzulera galarazteko biderik egokiena herritar nafar gehienek aldarrikatzen duten benetako aldaketa ez zapuztea dela.
ELAren ustez, gobernu aldaketarekin batera aplikatzen diren politikak ere zeharo aldatu behar dira; horregatik Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak sinatutako Nafarroako Gobernurako programaren inguruko akordioa aztertu beharra dago. Sindikatuaren ustez, politikak juzkatzerakoan funtsezkoa da edukiak aintzat hartzea, erretorikatik eta politikaren alde sinbolikoenetatik haratago.