2012an kendutako aparteko odainsari osoa ordaindu dezala exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari ELAk

2015/03/11
Gipuzkoako eta Bizakaiko Foru Aldundiek eta 50 udaletxe baino gehiagok, Bilbo eta Donostiakoak tartean, aparteko ordainsari osoa ordainduta daukaten bitartean, Eusko Jaurlaritzak %25 bakarrik ordainduko du.

Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen, 2012an kendutako aparteko ordainsariaren %25a itzuliko diela EAEko administrazioko langileei. ELAk berriz ere adierazi nahi du, erabaki honek argi uzten duela Eusko Jaurlaritzak Mariano Raxoiren politikekin bat egiten duela eta Estatuko Gobernuak markatzen dituen ildoak jarraitzen dituela. Beste behin ere, Raxoik erabakitzen du eta Urkulluren Gobernuak bete.

ELArentzat, Jaurlaritzak EAEko administrazioko langileei aparteko ordainsariaren %25 ordaintzeko hartutako erabaki hau, diskriminatzailea da eta langile hauei kalte egiten die, izan ere, EAEko beste instituzio batzuk, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kasu edo 50 udaletxe baino gehiagok (Bilbo eta Donostiakoak artean), 2012an kendutako aparteko ordainsaria osorik itzuli baitiete administrazio horietako langileei.

Aparteko ordainsariaren ordainketa honek suposatzen duen diskriminazioari, azken urteetako soldata izozteak gehitu behar zaizkio, beste instituzio batzuetan soldata igoerak izan dituzten bitartean (Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietan soldata igoerak 2014 eta 2015ean).

Itzarri GBAEarekin egoera berdina errepikatzen da, udal eta foru administrazio osoan, baita Alderdi Popularrak agintzen duen udaletan ere, Elkarkidetza GBAEra ekarpenak egiten diren bitartean, Eusko Jaurlaritzak ez du ekarpenik egiten Itzarrira.

ELArentzat, erabaki hauek ez dute zalantzarik uzten: Urkulluren Gobernuak Raxoiren politikak konpartitzen ditu, horretarako segurtasun juridiko eza argudiatuta, enplegu suntsiketa, soldata murrizketa eta zerbitzu publikoei egiten zaien erasoak ardatz dituen politikak.

ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio, apirilean, 2012an kendutako aparteko ordainsari osoa ordaindu dezala ta ez ditzala, beste instituzio batzuetan aurre egin zaien ezintasun legal edo juridikoak aitzakiatzat jarri eta bide batez enplegu suntsiketa, soldata murrizketa eta zerbitzu publikoei egiten zaizkien eraso politikak errotik aldatu ditzala.

Horretarako, ELAk mobilizatzen jarraituko du politika hauek errotik aldatzeko eta Eusko Jaurlaritzak suntsituriko enplegua,35 orduak eta galdutako erosahalmena berreskuratzeko bidean pausuak eman ditzan.