ELAk eta LABek bilera egin dute CEN patronalarekin Nafarroako lan-hitzarmenei lehentasuna emateko helburuarekin

2017/06/05
Gaurko bileraren helburua, ELAk eta LABek eskatutakoa, lehentasuna emateko bertoko hitzarmenei, eta ez Madrildik inposatzen direnei, akordio bat lortzea izan da. Gaurko bileran sindikatuetatik parte hartu dute Imanol Pascualek, ELAko negoziazio kolektiboko arduraduna eta Imanol Karrerak, LABeko bozeramailea Nafarroan. ELAk eta LABek azken boladan salatu izan dutenez, negoziazio kolektiboaren estatalizazioak eragin kaltegarriak ditu, okertu egiten baititu milaka langile nafarren baldintzak.

Zapateroren gobernuak 2011n bultzatu zuen lan-erreformaren ondorioz estatu mailako lan-hitzarmenek eremu hartarako, eta soilik harako, gordetzen dituzte negoziatzeko gai jakin batzuk; horrenbestez, indargabetu egiten dituzte sektoreko hitzarmen probintzialak, osorik edo zatiren batean. Esaterako, UGT eta CCOO Madrildik inposatzen ari diren hitzarmen estatalekin (eraikuntza, ostalaritza, metalgintza, sukaldaritza kolektiboa...) zenbait kasutan soldatak erdira ere jaitsiarazten ari dira.

Beraz, agerikoa da Nafarroan ezinbestekoa dela horrelako akordio bat. Negoziazio horri ekiteko ELAk eta LABek dei egiten die beste sindikatuei eta CEN patronalari. Izan ere, EAEn ELA, LAB, UGT, CCOO eta Confesbask-ek ezaugarri horietako akordioa sinatu zuten 2017ko urtarrilean.

Gaurko bileran sindikatuetatik parte hartu dute Imanol Pascualek, ELAko negoziazio kolektiboko arduraduna eta Imanol Karrerak, LABeko bozeramailea Nafarroan.

Hurrengo egunotan ELA eta LABeko arduradunek UGT eta CCOO sindikatuekin elkartuko dira Nafarroako Lan hitzarmenei lehentasuna emango dien akordioa proposatzeko.