GREBA OROKORRA

ELAk goizeko mobilizazioak deitu ditu, manifestazio nagusien aurretik

2026/11/06
ELAk goizeko mobilizazioak deitu ditu, manifestazio nagusien aurretik
Azaroaren 11n izango dira Bilbon, Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Tuteran, 8:30ean. Greba dinamizatzea da helburua.

ELAk bost mobilizazio nagusi deitu ditu azaroaren 11ko greba orokorra goizeko lehen orduetatik dinamizatzeko asmoarekin, eta Hego Euskal Herriko hiri nagusietan egingo diren zutabe eta manifestazio nagusien aurreko ekitaldi gisa.

Hain zuzen ere, ELAk bost mobilizazio antolatuko ditu goizeko 8,30etan, eta horien ardatz nagusia izango da etxebizitzarako eskubidea bermatzeko neurri zehatzak aldarrikatzea eta gutxienez, 1.500 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzea:

- Bizitzeko alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatu.

- Higiezinekin egiten den espekulazioa galarazi: Inbertsio-funtsei eta espekulazio-sozietateei ez zaie utzi behar etxebizitzarik eta eraikitzeko lursailik erosten; xede soziala betetzen ez duten funtsen etxebizitzak desjabetu behar dira.

- Banku publikoa sortu, betiko bankuen negozioari eta gehiegikeriei amaiera emateko.

- Alokairuaren prezioen interbentzioa: Hego Euskal Herri osora hedatu behar dira tentsiopeko guneak; prezioak apaltzeko indize propioak ezarri, eta alokairu-kontratu mugagabeak edo iraupen luzekoak zabaldu.

- Alokairuko parke publikoa handitu: Etxebizitzako inbertsio publikoa epe laburrean BPGaren % 1eraino handitu; mailaka % 2raino igo, eraikuntza eta kudeaketa publikoa lehenetsiz, sustatzaile pribatuekiko menpekotasuna amai dadin.

- Etxebizitzaren fiskalitatea aldatu: Jabeentzako hobari fiskalak kendu eta jabe handien sarreren gaineko zerga handiagoak ezarri.

- Etxebizitza esparru propiorantz jo: Eskumen osoa eskatu behar da hainbat alorretako araugintza hemen egiteko (alokairua, jabetza, finantzaketa, etxebizitzaren xede soziala eta etxegabetzeen kontrako babesa).

Mobilizazioen lekuak eta orduak:

BILBO: San Mames (8:30)

IRUÑA: Udal plaza (8:30)

DONOSTIA: Pio XII (8:30)

GASTEIZ: Arriagako San Juan zubia-El Pilar (8:30)

TUTERA: ELAren lokala – Fernando Remacha kalea (8:30)