Lanuzte berriak Bizkaiko erresidentzietan

2017/01/30
Bizkaiko zahar-etxeetako langileak kalera aterako dira etzi (otsailak 1), hile honetarako adostutako greba egutegiaren baitan. Sektoreko patronalak negoziatzeko borondaterik agertu gabe jarraitzen duela eta Bizkaiko Foru Aldundiaren berririk ez dela salatzeko manifestazioa deitu dute etzirako. Arriagatik Diputaziora abiatuko dira 11:30etan.

Lanuzte berriak hasiko dira etzi Bizkaiko zahar-etxeetan, otsaila guztian zehar luzatuko direnak. Sektoreko ordezkariek borrokan jarraitzeko asmoa adierazi dute, harik eta azaldutako eskakizunak betetzen diren arte, ratioak hobetzeko behar besteko diru sailak bideratzen diren arte, zentroetako pertsonala handitzen den arte, eta langileei lan-baldintza duinak eskaintzen zaizkien arte.

Izan ere, sektoreko patronalek ez dute proposamen berririk aurkeztu, langileek egindako eskakizunak betetzeko adinakoa, eta sektoreari duintasuna emateko modukoa; bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak patronalaren ikuspuntua babesten jarraitzen du.

Sindikatuentzat patronalak luzatutako azken proposamena ganora gabekoa izan zen, langileei begirunea galtzearenaino. Orduz geroztik erabiltzaileek eta haien senideek pairatu behar izan dituzte zerbitzuaren gabeziak, eta hala islatu da behin baino gehiagotan Bizkaiko egoitzetako arreta-kalitateari buruz egin diren txostenatan.

Langileentzat eta erabiltzaileentzat hobekuntzak sinatzen ez diren bitartean, mobilizazioak gogortuko dira.

Mobilizazio gehiago: otsailak 2; 3; 4 eta 5.