Confebask

Herri ituna proposatu du, lan prekaritatea kontuan hartu gabe

2026/11/02
Herri ituna proposatu du, lan prekaritatea kontuan hartu gabe
Euskadiren Eraldaketa Lehiakorrerako eta Etorkizuneko Ongizaterako Herri Ituna da dokumentuaren izena eta beste enpresa erakunde batzuekin batera aurkeztu da. Proposamenak enpresen errentagarritasuna bermatu nahi du, beti ere, langile klasearen erosahalmenaren galerari erreparatu gabe.

Confebaskek eta beste enpresa-erakunde batzuek adierazpen bateratu bat aurkeztu dute Euskadiren Eraldaketa Lehiakorrerako eta Etorkizuneko Ongizaterako Herri Ituna izenarekin. Bertan, gure gizarteak dituen erronkez eta erronka horiei aurre egiteko adostasuna lortzeko beharraz hitz egin dute. Dokumentu horren bidez, enpresen errentagarritasuna bermatu nahi da, nazioarteko ziurgabetasunak EAEko ekonomian eragina duenean.

Confebasken eta gainerako erakundeen arabera, hazkunde ekonomikoak eta lehiakortasunaren hobekuntzak gizarte-ongizate handiagoa dakarte automatikoki. Hala ere, kexu da ELA, hamarkadak daramatzagu hazkunde ekonomikoa aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa ekartzen ari dela ikusten: enpresek etekin handiak dituzte, baina langile klasea erosahalmenaren galerarik ez izateko sufritzen ari da bitartean. Hego Euskal Herrian, mozkin-marjina % 7,5etik % 13,2ra igo zen 2015 eta 2024 urte bitartean. Gainera, enpresa handiek, bereziki energetikoek eta bankuek, inoizko irabazi altuenak izaten jarraitzen dute. Monetaren beste aldean soldatak daude, ekonomian pisua etengabe galtzen ari direnak (2008an BPGaren % 49,2ko pisua zuten eta 2024an % 47,5).

Dokumentuak etorkizuneko erronkez hitz egiten du, hala nola demografiaz, gizarte-ongizateaz edo gizarte-kohesioaz, baina ahaztu egiten da erronka horiei aurre egiteko kalitatezko zerbitzu publiko edo zaintza-sistema batzuen beharrez. Gainera, sindikatuak gogorarazi du erronka horiei aurre egiteko beharrezkoa dela diru-sarrera publikoak handitzea, kapital-errentak eta enpresak gehiago ordainarazten dituen zerga-erreforma baten bidez. “Enpresa-erakundeek fiskalitatea enpresa-onurarako erabiltzen jarraitu nahi dute”, dio ELAk.

Gauzak horrela, itunak eskubide sozialen ikuspegi merkantilista lehenesten duela uste du ELAk. “Bai hezkuntza, bai etxebizitza edo zaintzak enpresa-premien mende daude”. Adibidez, hezkuntzak enpresek eskatzen dituzten profilak betetzera bideratuta egon behar du. Etxebizitzari dagokionez, eta bizi dugun bizitegi-krisia gorabehera, dokumentuak ohartarazten du ez dagoela nahikoa eskaintzarik atzerriko langile kualifikatuentzat.

Dokumentuak kezka agertzen du lan-kostuak, produktibitatea eta absentismoa bezalako arloetan, baina alde batera uzten ditu gaur egun EAEn eta Nafarroan dauden soldata baxuak, lan-prekarietatea edo lan-osasunaren gabezia. Zentzu horretan, ELAk uste du Hego Euskal Herriaren etorkizuna ezin dela eraiki lan- eta gizarte-eskubideak enpresen errentagarritasunaren mende badaude.