ELAk bere elkartasuna adierazi nahi die Mikel Zabalzaren senideei
Tortura gurean praktika finkatua da, eta milaka pertsonaren testigantzak eman du horren berri, baita auzi-txostenek eta, eskandalurako bada ere, epai judizial urriek. Halere, estatuak, bere aparatu guztiekin, jarrera negazionistari eusten dio, estatu demokratikoetan parerik ez duen praktika sistematiko hori ez balego bezala; hau frogatzen dute hainbat erakunderen txostenek, esaterako Amnesty International edota NBEek argitaratuek. Hori da, ez besterik, botere judizialak Auzitegi Nazionaleko epaile baten kontra hain azkar jo izanaren arrazoia; izan ere, epaile honek duela gutxi Tolosan emandako hitzaldian praktika hori badagoela aitortu egin baitzuen; gobernuaren ordezkariak jazarpenari ekin dionean, berriz, ez du ezer egiten.
Gobernuaren ordezkariak arrazoia du esaten duenean bere erabakiekin Guardia Zibilaren ohorea salbatu nahi duela. Hori besterik ez baitu gogoan, ustez demokratikoa den erregimen batean irauten duen erakunde paramilitar baten irudia zaintzea, hots, praktika anker baten egia historikoarekin zerikusirik duen ezer ez.
ELAk exijitzen du amai daitezela giza-eskubideen alde eta torturaren amaiera lortzeko militatzen duten pertsonen aurkako jazarpena eta atxiloketak. ELAk espazio publikoa aldarrikatzen du –eta honekin batera pintadak, graffitiak eta beste adierazpide grafiko oro– giza-duintasunarekiko konpromiso-gune gisa; haatik, estatu espainiarreko botereek konpromiso honi oraindik ere errepresioaz erantzuten diote Euskal Herrian.