IRAKASLEAK

ELAk Bizarain ikastetxean falta den HH2ko tutorea berehala bidaltzeko galdegiten dio Hezkuntza Sailari

2026/10/26
ELAk Bizarain ikastetxean falta den HH2ko tutorea berehala bidaltzeko galdegiten dio Hezkuntza Sailari

ELAk Bizarain ikastetxean falta den HH2ko tutorea berehala bidaltzeko galdegiten dio Hezkuntza Sailari 

Aldarrikapen horren bueltan ikastetxeko langile eta hezkuntza komunitateak martxan jarri duten mobilizazio dinamika babesten dugu

Ikasturte hasieratik hainbat irakasle falta izan dira EAEko ikastetxeetan. Irailaren 23an argitaratutako oharrean ordezkapenak egiten ez zituztela salatu genuen eta pasa den ostiralean argitaratutako oharrean salatu genuen Arrigorriaga HLHI ikastetxean asteak pasa zituztela LH1eko tutore bat gabe.      

Bizarain Ikastola HLHIn ere egoera larria pairatzen ari dira. Irailean HH2ko talde berri bat sortu ondoren, oraindik talde horrek ez du tutorerik, eta horrek ageriko ondorioak ditu lan-kargetan, ikasleen atentzioan, etab.

Egoera salatu eta falta den irakaslea exijitzeko, mobilizazio dinamika bat martxan jarri dute  ikastetxeko langileek eta hezkuntza komunitateak. ELAk dinamika hori babesten du eta prest dago bide horretan bidelagun izateko.Azken ikasturteetan Sailak hainbat erabaki murriztaile hartu ditu ikastetxe publikoei dagokienean: fusio edota itxierak, ikastalde itxierak, ratioz-gaindiko taldeak edota giza-baliabide falta.

Pasatako negoziazio prozesu eta greba dinamikan, ELAk eduki zehatzak planteatu zituen baliabide faltari konponbidea eman eta ikastetxe publikoak behar bezala hornitzeko. Tamalez, sinatu zuten akordioak ez zituen behar besteko neurriak jaso.

Edonola ere, azken hitzarmena galdutako aukera izan zen arren, ELAk lanean dihardu ikastetxe publikoetan ratioak hobetu daitezen eta behar beste langile eta baliabide izan ditzagun.

Batu alternatibara! 

Euskal Herrian, 2026ko urriaren 26an