CONFEBASKek gutxieneko soldataren negoziaketari betoa ezartzen jarraitzen du
ELA eta LAB hirutan saiatu dira CONFEBASKekin EAEko langileentzeko soldata baxuenak negoziatzen. CONFEBASKen ezezkoek eraman zituen sindikatuak, herri-ekimen legegilearen tramitazioa ukatzeaz gain, greba orokorra deitzera. Greba orokorraren ondoren CONFEBASKek probokazio batekin erantzun du eta uko egin dio sindikatuekin biltzeari.
Gogora ekarri behar da greba orokorraren aurretik Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak eragile sozialak negoziatzera deitu zituela. Bada, patronalak bere deiei entzungor egin die. CONFEBASKen ezezkoak zuzenean interpelatzen ditu EAJ eta PSE-EE. Munduan zehar patronalak gutxieneko soldata negoziatzeari uko egiten dionean instituzioek lege-ekimenekin erantzuten dute. CONFEBASKen ezezkoaren ondoren legezko eskumena aldarrikatzeko momentua iritsi zaie EAJ eta PSE-EEri. Hori da, hain zuzen, milaka eta milaka langilek martxoaren 17an eskatutakoa.
Eskumena eskatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak utzi behar dio eragile sozialen arteko ekidistantziak bilatzeari eta CONFEBASKi zuzenean aurre egin behar dio, langileen muturreko pobreziaren gainean eraiki duen XIX. mendeko bere negozio eredua bertan behera utzi dezan.
Greba orokorraren ondoren sindikatuek interlokuzio fase berri bat ireki dute. Interlokuzio eta negoziazio fase honek akordiorik gabe bukatuko balu berriro ere mobilizazioekin hasteko garaia iritsiko da. Gutxieneko soldataren aldarria geratzeko etorri da eta lortu bitartean ekimen sindikalak ez dira geldituko.