Sondikako TROQUENOR-en kaleratze agindua jaso dute

2013/06/17
Sondikako TROQUENOR-en kaleratze agindua jaso dute
Lan batzordeak salatu duenez ekainaren 18an TROQUENOR-eko langileek kaleratze agindua jasoko dute. Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzari, behingoz, gai honetan parte hartu eta pabilioiaren jabeari kaleratzeak behin betiko gelditu ditzala exijitu dio.

Lan batzordearen esanetan enpresarien kudeaketa tamalgarriaren ondorioz enpresa hondoratu zuten TROQUENOR zenaren ugazabek: orain, erakunde publikoekin, (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Ogasuna eta Gizarte Segurantza, batez ere), dituzten zorrei muzin egin eta lantegiaren tresneria baliotsua eskuratzeko aukera izango dute.

Zehazki, enpresariek, Eusko Jaurlaritzari 7 milioi €, Bizkaiko ogasunari 3,6 milioi € eta gizarte segurantzari beste 7 milioi € utzi zioten zorretan. Aldiz, langileak 250.000 €ko zor baten ondorioz kaleratuak izango dira.

Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak behingoz gai honetan parte hartu eta pabilioiaren jabeari kaleratzea behin betiko geldiaraztea derrigortu diezaioten exijitzen dio lan batzordeak. “Hortik aurrera, enpresarentzako etorkizuneko plan bat jorratzeko konpromisoa hartzen dugu. Lantegi honek, bere tresneriarengatik, bere langileen jakinduriarengatik eta sektorearen suspertzearengatik badu etorkizunik, eta etorkizun hori gorpuztu nahi dugu”.