ELA, LAB eta STEE-EILASek Nafarroako zerbitzu publikoetako mahai negoziatzailea utzi dute
ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuok gogorarazi nahi dugu Yolanda Barcina, Roberto Jimenez eta gainerako kontseilariek soldata igoera nabarmena izan dutela ( 23.178€,16.135€ eta 9.759€ hurrenez hurren), eta igoera honek badu ondorioa gastuen lerro ekonomikoan.
Gainera, iragarritako neurriei zerbitzu publikoak jasaten ari diren erasoak ere gehitu behar dizkiegu: murrizketa eta soldata-izoztea 2010, 2011 eta 2012an, ospitaletako sukaldeen pribatizazioa,250 irakasleren kaleratzea,liburutegien itxiera, zerbitzu publikoetako langileen formazioan murrizketa, enplegua egonkortzeko ezetza, ikastetxeetako garbiketako 80 langileren kaleratzea, Tutera eta Lizarrako laborategien deuseztatzea ( azken honetan 30 bat behin-behinekoen kaleratzea).
Egoera honen aurrean, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuok aurkeztutako neurri atzerakoi hauek berehala kentzeko exijitzen dugu. Era berean, Moderna Plana deuseztatzeko eskaera luzatu dugu, erosteko ahalmenaren berreskurapena, EPEren eskaintza, martxan dauden pribatizazioak gelditzea, bai eta egindakoetan atzera egitea; zerbitzu publikoen garapen eta kalitatearen aldeko apustu garbia, eta kanpoko injerentziarik ez izatea.
Proposamen hauek aurrera eramateko, Gobernuari politika publikoan darabilen politika aldaketa exijitu diogu, gizarte gastua handituz eta fiskalitatea justuagoa den politika berria.
Pertsonalgoan egin nahi dituzten murrizketak erretiratzeko ezetza ikusita, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuok Mahaian egiten dugun parte-hartzea bertan behera uztea erabaki dugu, harik eta atzerakoiak diren neurriak erretiratzen dituzten arte. LAB, ELA eta STEE-EILAS sindikatuak ez gara murrizketa hauen konplizeak izanen, ez eta babestuko zilegitasun minimorik emanen dien inolako negoziaziorik ere.
Zerbitzu publikoak garatzeko eta indartzeko, eta lan baldintza egokiak bermatzeko, sektore publikoan lan egiten dugunok antolatu eta mobilizatu behar dugu. Helburu hori dugula, LAB, ELA eta STEE-EILAS sindikatuok asanblada informatiboak antolatuko ditugu lan-zentroetan; martxoaren 10ean manifestazioa ere eginen dugu zerbitzu publikoen defentsan eta aldarrikapen eguna izanen da martxoaren 21ean .
Murrizketok ez dira berez egiten, eragile ekonomikoek eskura dituzten botere osoa eta bitarteko guztiak erabiltzen dituzte, eta garbi dago zerbitzu publikoen gutxiestea dutela helburu. Hau guztia klase politikoaren oniritziarekin egiten dute ( Estatuko Gobernu zein Nafarroakoaren sostenguarekin), erabat mediokre, eta hiritarren zerbitzurako lan egin beharrean, euren aberastea bilatzen dute; hainbat neurri eta erreformaz baliatzen dira langileok ordaintzeko krisi hau .
Mobilizazioek zerbitzu publikoak sendotzeko balioko dutela uste osoa dugu, bai eta lanpostuen mantentzea bermatzea eta langileen baldintzak ere.
Hau guztia dela eta, Nafarroako Administrazio Publikoetako langile guztiei dei egiten diegu datorren martxoaren 29ko greba deialdiarekin bat egiteko, sektore publikoko murrizketen aurka, lan-erreformaren aurka, eta biztanleen eskubideak bermatzen dituen sektore publiko eta lan harremanetarako esparru propioaren defentsan. Herritarrei dei egiten diegu, herritarrak diren aldetik eta murrizketak pairatzen dituzten neurrian, sindikatuekin bat egiteko kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan, hezkuntza eskubideak, osasuna eta babes soziala bermatze aldera.