ELAk salatzen du Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza planean alde batera utzi dela etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea
ELAk salatu duenez, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza 2013-2016 Gida Planak gehiago dirudi etxebizitza-negozioa sustatzeko plana, etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzen duen plana baino. ELAren ustez eskubide hori ez da lehentasunezkoa Gasteizko gobernuarentzat:
-
Planak berak honela dio "etxebizitza-politikak bideratzeko eredua aldatu nahi da; eta horrela, jabetzaren ordez, alokairua sustatzea izango da helburua". Proposatu diren neurriak, hala ere, ez doaz norabide horretatik. Egia esan, neurri horietako asko jabetzaren ildotik doaz, alokairuarenetik baino. Horra hor, erosteko aukera duen alokairua, ordainketa geroratua duen salerosketa, kapital pribatu txikien bidezko erosketa eta alokairuan eskaintzea, alderantzizko hipoteka...
-
Planak beste programa batzuk jasotzen ditu, lehenago ere saiatuak eta bide onetik joan ez direnak (pizgarri fiskalak, interes-tasak murriztea...), edo beste ekintza generiko batzuk —asmo urrikoak eta ausardia eskasekoak—.
-
Onetsitako planak ez du neurri zehatzik jasotzen ez etxe hutsen gainean (publikoak eta pribatuak), ez lurzoruaren aldatu beharreko erregulazioaren gainean, ez Etxebizitza Legea aldatu beharraz, ezta beste erakunde batzuen behar den partehartzearen gainean ere.
-
Eta beste kontzeptu batzuk ezta aipatu ere ez dira egiten, besteak beste, aldi baterako desjabetzea, alokairu soziala, ordainetan ematea deshauzioetan, karga fiskalak... Aitzitik, bankuekin eta erakunde pribatuekin akordioak lortzeko beharra sobera aipatzen da.
Planaren indarraldiko lau urteetako lehenengoa (2013) planik gabe igaro da. Gobernuaren esanetan denbora horretan plana prestatzen ari izan dira, herritarren ustezko laguntzaz. Hori zalantzazkoa da emaitza ikusita, eta gizartearen etxebizitzaren benetako beharrizanei begiratzen badiegu; batez ere, gizatalde ahulenen beharrizanei begiratuz gero (gazteak, guraso bakarreko familiak, etorkinak, familia deshauziatuak...) Baina begibistakoa dena, berriz ere, zera da: Eusko Jaurlaritzak plan bat prestatu du, euskal gizartearen arazorik handienetako bati ekiteko, eta ez du aintzat hartu erakunde sindikal eta sozialen partaidetza. Parte hartzeko aukerarik ez ematea da gobernu honen ohiko jardunbidea, eta hala salatzen du ELAk.