ELAk astebeteko mobilizazio eta greba deialdiak erregistratu ditu, EAEko metalgintzan
Maiatzaren 23an ELAk honako azterketa egin zuen negoziazio kolektiboaren egoeraren harira:
ELAren ustez erabateko erantzuna eman behar da, hitzarmen askoren aurrera-eragina uztailaren 7an amaituko da-eta. PPren 2012ko otsailaren lan-erreformak esku-eskura jarri zion patronalari negoziazio kolektiboa suntsitzeko tresna egokiak. Horrela, bide batez, soldatak jaitsi eta lan-baldintzak apalduko ziren. Erreformak ekarri zituen aldaketen artean hauxe dago: sektore-hitzarmenak ez ziren gehiago izango gutxieneko maila bat sektoreko enpresetarako, eta enpresa-hitzarmenak lehentasunezkoak izatera aldatu ziren (Langileen Estatutuaren 84.2 art.). Hori gutxi balitz bezala, estatuko hitzarmena nagusitu da probintzia-hitzarmenen gainetik; eta horretaz baliatu dira patronala eta CCOO/UGT sindikatuak, probintzia-hitzarmenak edukiz hutsik uzteko.
Aurrera-eragina mugatzeak bi helburu ditu: Lorpen sozial asko deuseztatzea, eta sindikatuei xantaia egitea —hitzarmenen amaieraren beldurrez eduki ziztrinak sinarazteko—.
Erreformaren helburuak oso argiak dira ELArentzat:
- Soldatak jaistea eta lan-baldintzak nabarmen okerrera egin. Lan-baldintzak zaintzeko modurik onena, zalantzarik gabe, blindatzea da, hau da, enpresa-hitzarmenetan erreformaren aurkako klausulak sartzea.
- Erreformak eragozten dio sektoreari gutxieneko eta nahitaez bete beharreko edukirik ezarri ahal izatea. Sindikatuek hori ezkutatzea langileei arduragabekeria larria iruditzen zaigu. Orain arte ezagutu duguna goitik behera aldatu dute. Sektorea erreferentzia soila izatera alboratu da, eta aplikagarritasuna enpresariaren esku geratu, non eta edukiak ez diren berretsi enpresa-hitzarmen bidez.
- Hitzarmen kolektiboaren funtsezko edukiak (soldatak, lanaldia...) enpresa-mailara eraman ditu erreformak asmo batez: sindikatuak enpresetan ahulak direnez, patronalak alde bakarretik ezarri ahal izango ditu lan-baldintzak. Enpresetan antolamendu sindikala badago, askoz nekezago lortu ahal izango dute soldatak jaistea.
- Erreformak lanaldiaren %10eko malgutasuna uzten du, besterik itundu ezean.
ELA jabetu da langabezia ugariaren presioaz, alegia, negoziazio kolektiboan eta soldatetan eragiten duen presioaz.. Hala ere, aspertu arte errepikatu behar dugu lotura handia dagoela soldaten eta enplegu-mailaren artean. Soldatak behera botatzen badituzte, langabezia ugalduko da. Enpresa bakar bat ere ez da itxi soldatengatik. Era berean, ez dago arrazoirik soldaten eroste-ahalmenari ez eusteko, enpresarien interesak ez badira. Soldatak, lanaldiak eta enplegua eskutik doaz.
ELA lanean ari da erreforma enpresetan sar ez dadin. Erreforma ezarri zenetik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzaren 60tik gora enpresek sinatu dituzte beren hitzarmenak lehenengo aldiz.
ELAren iritziz lan hori areagotu behar dugu uztailaren 7an Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ahalik eta enpresa gehienek beren hitzarmena, nahitaez bete beharrekoa, izan dezaten. Erreformak ezarritako aldaketak direla-eta, enpresa-mailako negoziazioaren esparruak autonomia izan behar du sektoreen esparruarekiko, gure ustez. Arrazoiak garbi daude: sektoreek balioa galdu dute, erreforma dela-eta; eta gainera, oso baldintzaturik daude, patronalak sektoreetan duen kontrola dela-eta.
ELAk azterketa honetan oinarriturik gainontzeko sindikatuei astebeteko mobilizazio, sentsibilizazio eta grebako astea deitzea proposatu zien Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako metalgintzan.
Tamalez gainontzeko sindikatuek ez diote erantzun positiborik eman ELAko proposamenari. Ez dugu ulertzen nola erreformaren ondorioak ezagutu eta gero, ez dute onartzen enpresetako borroka langileentzako etekin gehien eman ditzaken borroka bezala. Egoera honen aurrean honakoa azaldu nahi dugu:
- ELAk , Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzan, ekainaren 17tik 21era arte greba deialdiak erregistratu ditu.
- Aste horretan ELAk Nafarroan mobilizazioetara deituko du.
- Astebeteko deialdi horren jasotzaileak aipaturiko herrialdeetako enpresak dira, baldin eta negoziazioetan badabiltza, eta nahitaez bete beharreko gutxieneko edukiak adosturik ez badituzte.
- ELAk deialdiarekin lan merkatu berriaren ezagupena zabaldun nahi du enpresetan. Gainera bi helburu ditugu: Rajoyren basakeria klausulak dituzten hitzarmenen bitartez enpresetatik kanpo uztea eta patronalaren jarrera irmoa aldatzea hitzarmen sektorial probintzialen negoziaketetan.
- ELAk bereziki ETEtan (enpresa txiki eta ertainetan) negoziazio kolektiboa bultzatzearen apostua egiten du. Legediak ez ditu bereizten enpresak tamainaren arabera, azken asteetan hamarnaka ETEak lortu dituzte lan baldintzak bermatzea. Hori da jarraitu beharreko bidea.
ELAk Rajoyren erreforma enpresetatik ateratzeko egiten duen apostua denboran luzatuko da. Hitzarmen sektorialarekin edo gabe, uztailaren 7aren aurretik edo ostean, ELAk ez du onartzen akordioak ez betetzea onartzen duen erreforma bat. Deituriko aste hau gure helburuan beste pauso bat da, eta enpresetan modu egokienean erabilia izan dadin dei egiten dugu; bakoitzaren egoeraren arabera. Enpresa bakoitzak plangintza bat osatu behar du, patroiak behartzen duen hitzarmen bat sinatzeko helburuarekin.
Ezin dugu onartu, uztailaren 7a eta gero paktuen bidez lan baldintzak arautuak dituzten metaleko kideak egun batetik bestera urteetan lorturiko eskubide guztiak galtzea.
ELAk onartzen du beste sindikatuek deituriko borroka astearekin bat ez egitea berri txar bat dela. Baina egoeraren larritasunak erabakiak hartzera eramaten gaitu. ELAk dena den beste sindikatuekin lan egiteko prest dagoela berrezten du, batez ere LABkin, negoziazio kolektiboaren defentsan eta lan merkatu berriaren azterketa bateratu bat egiteko helburuarekin.