ELA Alex Salmond Eskoziako lehen ministroarekin bildu da
Giro atseginean egin dute ia 50 minutu luzatu den bilera Salmondek eta Txikirekin batera joan diren Laura Gonzalez de Txabarri nazioarteko arduradunak eta Mitxel Lakuntza Nafarroako koordinatzaileak; hauekin batera Unite sindikatu eskoziarreko ordezkariak ere izan dira.
Erreferendum aurreko unea aztertzerakoan, Salmondek eta ELAko ordezkariek partekatu egin dute prozesu subiranistei buruz duten iritzia, eta jendea erakartzeko eraikuntza nazionalak hiru osagarri izan ohi dituela: lehenik, identitatea (“ni eskoziarra naiz”); bigarrenik, gizarte-eredua (Cameron kontserbadore britainiarrak Londresko Cityarentzat gobernatzen du; laboristek ere lerratze neoliberalari ez diote ihes egin, eta aldiz SNP independentistak eskaintza sozial erakargarria eginda asmatu du); hirugarrenik, auzi demokratikoa: Erregenerazio demokratikoa eragiten duen erreferenduma dela eta, Eskozian inork ez du zalantzan jarri herri eskoziarrari dagokiola bere etorkizuna erabakitzeko erabakia.