EAEko garraio sanitarioa

Garraio sanitarioko langileek deituta dauden hiru greba egunei ekin diete

2023/10/09
Garraio sanitarioko langileek deituta dauden hiru greba egunei ekin diete
Urriaren 9an Garraio Sanitario sektoreko langileek lehen greba eguna egin dute; ELA, USO, LAB, UGT, CCOO eta ESKk hiru deitu dituzte guztira. Patronala negoziazioa blokeatzen ari da, alderdi sindikalak ezin baititu onartu mahai gainean hark jarri dituen edukiak; sindikatuon helburua da sektoreko enplegua hobetzea, Administrazioko langileek dituzten soldata eta baldintzetara hurbilduz.

Sektorean hainbat elkarretaratze eta manifestazio egin ostean patronalak eskaini diguna honakoa da: 2024tik aurrera bost urteko epealdian %2,5nako igoera, tarte berean urtean 4na ordu murriztea eta Bertaratze plusaren hobekuntza “gordina” egitea. Eskaintza honek ez du bermatzen soldatak KPIaren arabera eguneratuko direnik (eta prezioak, soilik iazkoan eta aurten, %16ko igoera izan dute); gainera, zuzenean Administrazioko langile direnen baldintzetatik oso urrun geratzen da.

Lehen greba egunari dagokionez, ELA sindikatuak balorazio positiboa egiten du. Administrazio publikoak ezarritako zerbitzu minimoak gehiagizkoak izan arren, sektoreak argi erakutsi du mobilizio gaitasuna. ELAk irmoki defendatzen du greba borroka tresna bezala. Hori baita langile klaseak euren eskubideen eta baldintzen alde borrokatzeko duen tresnarik eraginkorrena. Hori horrela, argi utzi nahi du ez datorrela bat egunotan argitaratutako bideo eta indarkeria mezu zein ekintzekin. ELAk grebaren alde egiten jarraituko du, negoziazio erreala helburu, egoera konpondu dadin.