Gipuzkoako garbitasun alorreko langileek greba egin dute gaur

2014/01/29
Gipuzkoako garbitasun alorreko langileek greba egin dute gaur
ELA, LAB, ESK eta UGT sindikatuek deituta grebak jarraipen zabala izan du bulego eta eraikuntzen garbitasunaz arduratzen diren langileen artean. Grebara jo dute, besteak beste, Eulen, Pilsa, Clece eta Iss enpresetako langileek. Goiz partean, hainbat udaletan egindako elkarretaratzetan eta Donostian izandako manifestazioan parte hartu dute. Greba gaurko eta biharkorako deituta dago.

 

Edurne Iriondo, ELAko arduradunaren hitzetan, krisi urte hauetan, langileek ordu murrizketa itzela jasan dute. "Garbitasuneko enpresek prezioa jaisten dute eta ondorioak latzak dira: lan baldintza eskasak eta zerbitzu txarra. Enpresek beraien irabaziak langileen kontura eta zerbitzua kaskartuz bermatzen dituzte".

Sindikatuek igarotako urteen soldaten zati baten eguneratzea eta 2013, 2014 eta 2015rako KPIra lotutako igoerak aldarrikatzen dituzte. Era berean, lan erreformari aurre egiteko neurriak eskatzen dituzte.