ELA ez da Esparru Akordioaren hurrengo bileretara joango, Basauriko langileek enpresan negoziatzeko erabakia errespetatu ez delako
ELAk egindako Akordio Markoaren negoziazio-bileran, ez duela hurrengo bileretan parte hartuko adierazi du, ez delako errespetatu Basauriko langileek demokratikoki adierazitako borondatea. Izan ere, joan den urriaren 2an, batzar orokorraren eta bozketaren bidez, bere lantegiko hitzarmen propioaren negoziazioari lehentasuna ematea erabaki zuten, Akordio Markoan jarraitu beharrean (337 alde eta 32 kontra).
Hala ere, Sidenorreko zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO sindikatue kentzungor egin dute. Bereziki deigarria da bozketa hartan parte hartu zutenek orain uko egitea emaitza errespetatzeari. ELAk Akordio Markoaren bileretan parte ez hartzeko erabakiak ez dakar negoziazioari uko egitea, baizik eta langileen erabaki demokratikoak errespetatzen ez dituen esparru bat alde batera uztea, eta urriaren 5eko bileran egindako eskaera berriro azpimarratu du: Sidenor Gasteizko Enpresa Batzordean dauden sindikatuek batzar batera deitzea eta ondoren bozketa egitea, plantillak askatasunez erabaki dezan Akordio Markoan jarraitu nahi duen edo plantako hitzarmena negoziatu nahi duen.
Gogoratu behar da aurreko Akordio Markoak (2022-2026) erosteko ahalmenaren galera handia ekarri diela langileei, eta Sidenor Aceros Especiales enpresak, berriz, ia 128 milioi euroko irabaziak pilatu ditu 2022tik 2025era, eta epe horretan 55 milioi banatu ditu etekin gisa.
ELAk benetako edukiak, soldata-hobekuntzak eta lantegi bakoitzaren beharrei erantzungo dieten lan-baldintzak izango dituen negoziazioa defendatzen jarraituko du.