EUSKAL HERRIA – PALESTINARI
ELAk dei egiten du azaroaren 15ean Palestinaren eta euskal selekzioen ofizialtasunaren alde mobilizatzera
Azaroaren 15ean lehen aldiz Palestinako selekzioaren eta Euskal selekzioaren arteko lagunarteko futbol partida izango da. Lehen aldia da Palestinak Europan jokatzen duela. Ez da futbol-partida bat soilik, baizik eta aske izateko eskubidea aldarrikatzen duten bi herri.
Hainbat gizarte erakundek Palestinako herriaren aldeko mobilizazioak deitu dituzte egun osoan zehar. Israelgo Estatuak egindako genozidioa salatu nahi da, eta Palestinako herriak bere etorkizunaz libreki erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatu.
Sinbolismoz beteriko eguna izango da, Palestinako herriari elkartasuna adierazteaz gain, erabakitzeko eskubidea, euskal futbol selekzioaren ofizialtasuna eta gure nortasunaren nazioarteko proiekzioa aldarrikatzen baitira.
Horregatik guztiagatik, ELAk dei egin du azaroaren 15erako deitutako mobilizazioetan parte hartzera, Israeli boikota egitea eskatzen jarraitzeko, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Euskal Herriaren eta Palestinaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.