Larunbatean manifestazioa Bilbon azken atxiloketak salatzeko

2013/10/01
Larunbatean manifestazioa Bilbon azken atxiloketak salatzeko
Hamaika alderdi, sindikatu -ELA barne- eta eragilek manifestazio nazionala iragarri dute datorren larunbaterako, urriak 5, Bilbon arratsaldeko 5.30etan, La Casillan hasita. Honen helburua da espainiar estatuari helaraztea euskal jendarteak bidegabekeria hauekiko duen sentipena, eta gure elkartasuna adieraztea atxilotuekin, berehala libre utz ditzatela exijituz.

 

Bilbon elkartutako bildutako erakundeek "Herrirarekin normaltasunez ditugula harremanak, eta horri eutsi egingo diogula", adierazi dute. "Asko partekatu izan dugu, elkarrekin lan egin dugu eta gure artean erakundeen zein pertsonen arteko harremanak daude. Erakunde horretako hainbeste militante eta arduradun atxilotu izanak nahigabea eta haserrea eragiten digu. Horregatik, edozer baino lehenago, atxilotuekiko eta hauen senideekiko elkartasuna adierazi nahi dugu. Halaber, ez dugu ezkutatu nahi beldur garela azken orduotan egoitza polizialean jaso dezaketen tratua medio".

Era berean, begibistakoa da bidegabekeria honek helburu politiko bat, edo hainbat, duela azpimarratu dute. "Ageri-agerikoa, euskal preso politikoen eskubideen defentsa kriminalizatzea. Noiz, eta argitaratzekotan denean espainiar estatuak presoekiko ezarri duen zigorren luzapen krudelari buruzko epaia. Kriminalizazioa medio espainiar gobernuak aldez aurretik zuritu nahi du bere jokabidea, giza-eskubideen auzitegi europarrari kargu hartuko bailioke estatu-arrazoiaren aurkako epai bat emanez gero".