Lokarri: aitorpena eta esker ona
Gure aitortzak zerikusia du mugimendu honek gure herrian bakearen garapenaren alde egin dituen ekarpen ezagunekin –eta ezagunak ez diren batzuk ere–. Oso zailak ziren testuinguruetan elkarte honek lan egin du bake eszenatoki batetara eramango gintuzkeen elkarrizketa eta ulermen bideak garatzearen alde; gizartea mobilizatu du; bakearen kultura sustatu du herri honetan; eta arrakastaz lortu du gure gatazken konponbidean nazioarteko eragile garrantzitsuak inplikatzea. Aieteko Konferentziaren antolakuntza, Sortuko estatutuen aurkezpenaren ekintza edo Foro Soziala martxan jarri izana herritar-sare honek bultzatutako mugarri nabarmenen artean daude.
Gure esker onak zerikusia du gure sindikatuak urte guzti hauetan zehar Lokarrirekin mantendu duen aldebiko harremanean. Harreman adeitsua izan da, errespetu handikoa, leiala eta, egoerak hala eskatu duenean, zuhurra. Lokarriko bazkide eta kolaboratzaile guztiei gure desiorik onenak opa dizkiegu. Espero dezagun bere emari militante eta antolatzailea, eta euren ideien eta proposamenen ondarea, gure gizartean leku egokia topa dezatela.