Hiru eguneko greba deitu dute kaleratutako lau langileak berriz hartzeko eskatzeko
Gasteizko Sidenor fabrikak lau langile kaleratu ditu, tailer hidraulikoetako langileen eta gainerako mantentze-tailerretako langileen soldatak parekatzea eskatu ondoren. Izan ere, azken horiek kategoria handiagoa dute, eta, beraz, soldata handiagoa.
ELAk eta LABek kritikatu dute Batzordeak (UGTk eta CCOOk) langileen aldeko jarrerarik ez dutela hartu, are gehiago, uko egin diola gertatutakoa azaltzeko batzar orokor bat egiteari. Azaldu dute Sidenor Gasteizen hamarkadak daramatzatela batzarrik egin gabe. Batzordearen jarreraren aurrean, grebara deitzea erabaki dute. Azaroaren 26an, kaltetutako langileek hitza hartuko dute lantegiko atearen aurrean 10:00etan deitutako prentsaurrekoan. Enpresak, bestalde, premiazko bileraren eskaerari erantzunez adierazi du gaia Estatu mailako Akordio Markoaren batzorde batean tratatu behar dela, non ELA eta LABek ezin duten parterik hartu. Espero dute UGT eta CCOOk adieraz dezatela soilik Gasteizi eragiten dion egoera hemen eztabaidatu behar dela.
Langileek erreklamazio bat jarri zuten, eta hasiera batean enpresak onartu egin zuen. Sei hilabeteren ondoren, Sidenorrek lan baldintza berriak aitortu zizkien langileei, kategoria finkatu zuten eta mantentze lanetako tailerretako langileekin parekatu. Hala ere, puntu horretan zuzendaritzak aitortutako eskubideak kendu zizkien, eta soldaten arteko aldea itzultzeko eskatu zien. Egoera horren aurrean, langileek egoera judizializatu zuten. Handik egun gutxira, enpresak diziplina espedienteak ireki zituen eta, azkenik, langileak kaleratu zituen.