ELAk Xabier Iturbe, kutxako presidentearen, posizio politikoak salatu ditu

2014/10/21
Iturbek herritarrak mespretxatu egiten ditu: Gipuzkoan “iritzi publikoa askoz konplexuagoa da, batik bat politizatu den bezala politizatuz gero. Honez gero zerorrek ez duzu informazioa kontrolpean”. Pentsamolde hau agintzeko jaio dela uste duen elite bati dagokio; honentzat parte hartzea galdatzen duen herri informatu bat traba besterik ez da.

ELAk salatu egin ditu Xabier Iturbe Kutxako presidentearen posizio politikoak. Hainbat elkarrizketetan, Kutxa banku-fundazio bihurtzeko batzarra aurki egitekoa delarik (urriaren 24an), Iturbek honakoak bota ditu, besteak beste:

  • Batetik, etorkizunari buruzko argitasunak eman ditu: Datozen legeek kapital pribatuari atea irekitzera derrigortuko gaituzte (beraz, zeharka aitortu egiten du orain arte ez zela beharrezkoa). Haatik, ezkutatu egiten du lege horiek bere nahia asetzen dutela. Kapital pribatuari sarrera irekitzeko prozesu hau, iritzi publikoari besterik sinestarazi badiote ere, hasieratik adostu dute asmo honen aldeko alderdiek, Kutxabankeko zuzendaritzak eta PPk. Hain zuzen, prozesu honek antzineko Kutxen eginkizun nagusia erabat aldatzen du: Beren xedea sekula ez da izan etekinak banatzea. Horrenbestez, arinkeria bat da Iturbek esatea “bankuaren kontrola posible da %1 edo %2 mantenduta”. Kapital pribatuari etekinak banatzea, ELAren iritziz, ez da Kutxen sorrerako helburuei eustea, eta kapital pribatua sartzea funtsezko aldaketa da; sindikatua horren aurka dago.

  • Adierazpen horietan Iturbek dioenez, “kontsulta katalanak espainiar ekonomiaren egonkortasuna arriskuan jarriko luke”. Inolako oinarririk gabe esandako iritzi hori bat dator herri katalanari eta bertokoari erabakitzeko eskubidea ukatzen diotenen eta jendeari beldurra sartzen diotenen iritzi politikoarekin. ELAk jakin nahiko luke presidente hau Kutxaren buruan jarri zutenak aburu berekoak ote diren.

  • Beste esaldi bat ere harri eta zur geratzeko modukoa da. Iturbek dio ekonomiarentzat eta merkatuentzat kalterako izan daitekeela PPk Espainian gehiengo absolutua galtzea. Hau esaten du hitzez hitz: “Orain Espainian gobernagarritasun bermatuta dago. Hori zalantzan jartzen bada eta itunak egin behar badira, gobernagarritasuna arriskuan jarriko da”. Ez dago besterik esan beharrik.

Behar bada Kutxako presidenteak kapital pribatua sartzeko eta etekinak banatzeko helburua ziurtatu nahi du, eta uste du hori PPrekin askoz hobeto egiteko modua izango dela. Orain arte bezalaxe.

Iturbek herritarrak mespretxatu egiten ditu: Gipuzkoan “iritzi publikoa askoz konplexuagoa da, batik bat politizatu den bezala politizatuz gero. Honez gero zerorrek ez duzu informazioa kontrolpean”. Pentsamolde hau agintzeko jaio dela uste duen elite bati dagokio; honentzat parte hartzea galdatzen duen herri informatu bat traba besterik ez da.