CCOOek eta UGTk Madrilen sinatutako akordioarekin metal arloko hitzarmenak zapuztu ditu
Aste honetan ELAk jakin du Patronalaren, CCOOen eta UGTren arteko akordioaren berri. Akordio hori abenduaren 2an sinatu dute Madrilen, eta horren arabera hainbat gai deslokalizatuko dira Euskal Herritik, eta beraz, ezin izango dira negoziatu, ez enpresa-mailan, ezta sektore-mailan ere. Agerian geratu da berriz sindikatu horien jokabidea nolakoa den: ezta haien ordezkariek ere ez dute horren jakiterik izan, nahiz eta akordioaren eragina garrantzi handikoa izan, zeren azken 30 urteotako negoziazio-eredua aldatu baita.
Zehazkiago, estatu-esparrurako gordeko diren alderdiak ugariak izango dira, Langileen Estatutuaren 84. artikuluan jasotakoak ez ezik (kontratazio-motak, probaldia, urteko gehienezko lanaldia eta lekuzko mugigarritasuna), Metal Sektoreak berezko izan dituen alderdiak ere hara eramango dituzte (arlo funtzionala, negoziazioaren egitura, lan-arriskuen prebentzioko organo parekideen araubidea, lan-gatazkak auzibidetik kanpo ebaztea, besteak beste).
Hori dela-eta, ELAk bertan behera utzi du bere parte hartzea gaur Gasteizen egin beharreko manifestazioan.
Akordio horren helburua argi dago. Alde batetik, Euskal Herriko metalgileen lan-baldintzak eta soldatak apaltzea; eta bestetik, langileek enpresetan eman ez dieten ordezkaritzaz jabetzea.
ELAk dei egiten die metalgileei baldintza duinen alde borrokatzeko; bestela gure etorkizuna eta gure atzetik datozenena kolokan geratuko da.