UDAL LANGILEAK

ELAk salatu du Eudelek negoziazioa blokeatu duela

2026/07/07
ELAk salatu du Eudelek negoziazioa blokeatu duela
Eudelek ez du aurrerapausorik egin soldatetan, subrogazioan, euskaran edo erretiro-neurrietan, eta mobilizazioei eusteko deia egin du.

Gaur egin da Udalhitzeko negoziazio mahaiaren bilera, eta ELAk salatu du Eudelek negoziazioa blokeatzen jarraitzen duela, sindikatuak lehentasunezkotzat jotzen dituen gaietan inolako aurrerapenik aurkeztu ez duelako. ELAk berriro eskatu dio Eudeli udaletako lan kontratudun langileen errelebo-kontratua berehala eta aitzakiarik gabe martxan jartzea. Sindikatuaren ustez, azken egunotan argitaratutako oinarri eta ebazpen berriek behin betiko bertan behera uzten dituzte orain arte aplikazioa atzeratzeko erabilitako argudioak.

Negoziazio mahaian aurkeztutako proposamen berriak, ordea, ez du hobekuntzarik jasotzen soldatei, lanaldiari, publifikazio prozesuetako langileen subrogazioari, administrazioen euskalduntzeari edo erretiroa eta plantillen gaztetzea ahalbidetuko duten neurriei dagokienez.

ELAren iritziz, gaurko bilera atzerapausoa izan da negoziazioan, eta Eudelek eduki berririk gabeko proposamena aurkeztuta akordiorako aukera oztopatu du. Sindikatuak gogorarazi du Udalhitz hitzarmena 2010etik berritu gabe dagoela, eta une erabakigarri honetan negoziazioari benetako bultzada ematea ezinbestekoa dela.

Horren aurrean, ELAk mobilizazioekin jarraitzeko beharra berretsi du, eta joan den astean LABi helarazitako proposamena indarrean mantentzen du, Udalhitz negoziatu, berritu eta hobetzeko dinamika bateratua sustatzeko.