ELA, CIG eta Intersindical sindikatuek elkarretaratzea egin dute Espainiako Lan Ministerioaren aurrean, lan-erreformak indargabetzea eskatzeko
Sindikatuek protesta Madrilen egitea adostu zuten, Ministerioaren immobilismoaren aurrean; izan ere, Ministerioak ez du urratsik egin ezarritako lan-erreformak bertan behera uzteko, PSOEk lehenik eta PPk ondoren. "Urte eta erdi igaro da Estatuko gobernua osatu zenetik. Ikusi dugu nola onartzen ziren Estatuko aurrekontu orokorrak edo Europako funtsen tramitazioa, baina lan-erreformak indargabetzea blokeatuta dago oraindik", salatu du Lakuntzak.
Lakuntzak, Carrilek eta Perellok ezinbestekotzat jo dute indargabetzea kaleratze kolektiboak eragozteko, izan ere, dagoeneko egiten ari dira, enpresek inolako administrazio-baimenik behar izan gabe. Zentzu horretan, ELAko idazkari nagusiak esan duenez, "Ezin da onartu irabaziak dituzten enpresek zigorrik gabe kaleratzen jarraitzea. Lan-erreformek porrot egin dute, soldaten debaluazioa eta prekarietatea besterik ez dute ekarri ".
Indargabetze horrek Sanchezen Gobernua sostengatu duten talde politikoen eta Euskal Herriko, Galiza eta Kataluniako alderdi subiranisten babesa ere izan beharko du. Hori dela eta, ELAk, CIGek eta sindikatuartekoek langile klasearen defentsan lan aktiboa egiteko eskatu diete. "Mahaian ukabilkada bat eman dezatela", eskatu du ELAko idazkari nagusiak. "Madrilera joaten bada, estutzeko izan behar du, une honetan lan-baldintzak lehentasun izan daitezen".
Idazkari nagusiek ohartarazi dutenez, ERTEak amaitzen direnean, indarrean dagoen lan-legeria aprobetxatuz ERE bihurtzeko arriskua dago, eta egungo kaleratze bakoitzaren edo gerta daitezkeen kaleratzeen erantzukizuna Lan ministroari eta Sanchezen gobernu osoari egotzi diote.
Elkarrizketa eta hitzarmen sozialari dagokionez, bizi dugun egoera larria konpontzeko bidea ez dela berretsi dute. Haren izaera antidemokratikoa salatu dute, eta ohartarazi dute helburua langileen etxeratzea eta desmobilizazioa dela. Gainera, ohartarazi zuten adostasun horrek beto-eskubidea ematen diola patronalari lan-erreformak indargabetzeko orduan, eta horrek elkarrizketa soziala esparru antzu eta kaltegarri bihurtzen duela langileriarentzat. Lakuntzaren arabera, "Elkarrizketa soziala deituriko gaitza beharrezko aldaketak ez egiteko aitzakia baino ez da. Benetako galga da, eta patronalak beto-eskubidea du. Argi dago lan-baldintzak eta pentsioak hobetzeko neurriak ez direla mahai hauetatik etorriko". Hori dela eta, "Patronalaren betoa ez onartzea ezinbesteko baldintza da aurrera egiteko".
Horrekin batera, lan-harremanen, pentsioen eta babes sozialaren eredua nork bere nazioan erabakitzeko eskubidea eskatu dute sindikatuetako buruek, soldata eta lan-baldintzak hobetzeko. Hori dela eta, Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako gehiengo sindikalak errespetatu gabe Madrildik baldintza oso eskasak ezartzen dituen negoziazio kolektiboaren egungo estatalizazio eredua arbuiatu dute.
Eredu horrek, salatu dutenez, langileriaren prekarizazio eta pobretze handiagoa eragin du, estatuko hitzarmenei lehentasuna emanez probintziakoei baino, eta sektoreko eta enpresako hitzarmenak hondatuz. "Demokraziaz eta errespetuaz ari gara”, laburbildu dute.