NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Hitzarmenen %83k baino gehiagok ez ditu euskaldunen hizkuntza eskubideak babesten

2026/07/07
Hitzarmenen %83k baino gehiagok ez ditu euskaldunen hizkuntza eskubideak babesten
ELAk Lan Harremanen Kontseiluari euskaraz negoziatzeko baliabideak eskatu dizkio, eta iragarri du irailetik aurrera hizkuntza hori baino ez duela erabiliko martxan dauden sektoreko 27 negoziazioetan.

Euskarak gaztelaniaren menpe jarraitzen du Hego Euskal Herriko negoziazio kolektiboan ere. Indarrean dauden 1.499 hitzarmen aztertu ondoren, ELAk ondorioztatu du horien %83,19k ez duela inolako neurririk jasotzen lan esparruan euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Gauzak horrela, Lan Harremanen Kontseiluari euskaraz negoziatzeko baliabideak eskatu dizkio, eta iragarri du irailetik aurrera hizkuntza hori baino ez duela erabiliko martxan dauden 27 negoziaziotan.

ELAk egindako azterketak erakusten du indarrean dauden neurriak, gehienbat, erabat sinbolikoak direla (ikastaroen kostuen ordainketa eta paisaia linguistikoa arautzea). Hitzarmenen %5,07k baino ez du euskara plan bat edo hura egiteko konpromisoa jasotzen. %13,8k hizkuntza ikasteko laguntzak aurreikusten ditu; %4,37k euskara lanaldiaren barruan ikasteko aukera ematen du; eta %1,66k baino ez du ezartzen euskararen ezagutza kontratazioan balioetsiko dela.

LURRALDEA

AZTERTUTAKO HITZARMENAK

Euskara plana dutenak

Ikasteko laguntza eskaintzen dutenak

Lanordutan ikasteko aukera dutenak

Liberatzeko aukera dutenak

Paisaia linguistikoa arautua

Lan eskaintzetan euskara balioetsia

ARABA

224

11

36

7

1

34

4

BIZKAIA

507

23

93

24

10

112

6

EAE

30

8

7

6

3

6

3

GIPUZKOA

362

31

58

5

3

96

8

NAFARROA

376

3

13

3

1

4

4

GUZTIRA

1499

76

(%5,07)

207

(%13,80)

45

(%4,37)

18

(%3)

252 (%16,81)

25

(%1,66)

Arautzen ez denak inposatutako nagusitasuna berresten du

ELAk azpimarratu du, gizarteko beste edozein zapalkuntzarekin gertatzen den bezala (genero, klase edo arraza zapalkuntzak kasu), hizkuntz zapalkuntza soilik gainditu daitekezkela hizkuntzen erabilera arautu egiten bada eta menpekotasun egoera gainditzeko baliabideak bideratzen badira. “Erabateko nagusitasuna irabazi duen hizkuntzaren erabilera naturalizatu egiten da eta beste hizkuntzen erabilera salbuespeneko gisa hartzen da, hizkuntz eskubideak parekatzeko arauak eta baliabideak egon ezean”, azaldu du Pello Igeregi Negoziazio Kolektiboko arduradunak.

Adibide gisa, enpresa batek bilerak euskaraz egiteko baliabiderik ez badu eta langile guztiak euskaldunak ez badira, bilerak ezinbestean gaztelaniaz egingo dira. Era berean, euskara ikastea lan eskubidetzat aitortzen ez bada, gaztelania izango da benetan bermatuta egongo den hizkuntza bakarra.

ELAk aitortu du ez dela gai izan hizkuntza eskubideak beste lan aldarrikapen batzuen maila berean kokatzeko. Egoera hori patronalek euskararen normalizaziorako neurriak negoziatzeari emandako ezezkoari eta sindikatuek eskubide horien aldeko mobilizazio eta greba espezifikoak antolatzeko izan duten ezintasunari egozten dio.

Negoziazioak, euskaraz

Egoera horren aurrean, irailetik aurrera, ELAk euskaraz negoziatuko ditu martxan dauden sektoreko 27 hitzarmenak. Aldi berean, Lan Harremanen Kontseiluari (LHK) eskatu dio negoziazio mahaiak normaltasunez euskaraz garatu ahal izateko beharrezko baliabideak jar ditzala.

ELAk ziurtatu du erabaki horri eutsiko diola itzulpen zerbitzurik egon ezean ere. Kasu horretan, adierazi du ez diola uko egingo euskararen erabilerari, eta gainerako sindikatuei eta patronalei dagokiela negoziazioen garapena jarraitu ahal izateko beharrezko baliabideak bilatzea.

Hurrengo urratsa, LHKren esku

Berriki, Lan Harremanen Kontseiluko presidente Emilia Málagarekin bilera izan du ELAk, zeinetan adierazi dion negoziazioak euskaraz bermatzeko beharrezko baliabideak izan behar dituela. Gaur egun, Lan Harremanen Kontseiluak ez du baliabiderik negoziaketak euskaraz egin ahal izateko eta, horregatik, oso salbuespenez egin daitezke negoziaketak euskaraz. Egin daitezkeen negoziaketa urri horietan, Lan Harremanetako Kontseiluko langileek beraiek egiten dute itzulpen lana, horretarako prestakuntzarik ez duten arren.

ELAk salatu du patronalak ez duela euskararen erabilera normalizatzeko inongo neurririk hartu nahi. Gogorarazi du 2022an, LABekin eta Kontseiluarekin batera, enpresetan euskara planak orokortzeko proposamenari uko egin ziola, eta lan hitzarmenetan nekez onartzen dituztela euskaldunon hizkuntz eskubideen aldeko neurriak. Testuinguru horretan, uste du hizkuntza eskubideak hitzarmen kolektiboetan arautzeko lehen urratsa dela euskararen erabilera negoziazio mahaietan bertan ikusgarri egitea.