katalunia

ELA Intersindicalen VIII. Kongresuan izan da

2026/11/17
ELA Intersindicalen VIII. Kongresuan izan da
ELAko ordezkaritza batek, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak eta Ane Zelaia afiliazio arduradunak osatua, asteburu honetan Bartzelonan egindako Intersindicalen VIII. Kongresuan parte hartu du. Kongresua ‘Construir la força que necessitem’ (Behar dugun indarra eraiki) lelopean egin da.

Kongresuan, konfrontaziozko sindikalismo ereduaren garapenean eta lantokietatik abiatuta botere sindikala eta militantzia eraikitzeko beharrean sakondu du Intersindicalek. Langile klasearen bizi eta lan baldintzak hobetzea eta independentismoaren oinarriak zabaltzea helburu duen estrategia.

Gonbidatutako ordezkaritzen artean, ELAko idazkari nagusiak hitz egin du, langile klasearen baldintzak hobetzeko aukerak lantoki bakoitzean eraikitzeko gai garen antolakuntza gaitasunaren araberakoak direla azpimarratzeko.

Lakuntzak azpimarratu du antolaketa lan hori afiliazioan eta militantzia gauzatzeko modu anitzetan oinarritutako sindikalismotik baino ezin dela garatu. “Konpromisoa hartzen duen pertsona bakoitza da sindikatua, txikia izanagatik ere konpromiso hori. Militantziaren aniztasun hori da gauzak aldatu nahi dituen sindikatuaren eragile nagusia”, adierazi du.

Azkenik, adierazi du sindikatu baten eginkizunak eta sinesgarritasunak egoera okerrenean dauden langileen defentsan izan behar dutela abiapuntua beti. Ildo horretan, Euskal Herrian gutxieneko soldata propioaren eta etxebizitza eskubidearen defentsan deitutako bi greba orokorrak ekarri ditu gogora, eta azpimarratu du “mobilizazioaren bidez langile klasearen arazo nagusiak eztabaida sozial eta politikoaren erdigunean kokatzen ari direla”.

Benetako aldaketak erdiesteko, gobernuei eta eskuineko alderdiei ez ezik, ezkerreko alderdiei ere salaketa eta presioa egiteko beharra defendatu du, azken horiek eraldaketa eraginkorra sustatuko duten neurriak beren agendan txerta ditzaten.