SUKALDARITZA KOLEKTIBOA

ELAk lehen hitzarmena lortu du EAErako, % 35eko soldata igoerekin

2026/02/23
ELAk lehen hitzarmena lortu du EAErako, % 35eko soldata igoerekin
Sindikatuak nabarmendu du estatalizazioaren aurkako akordio historikoa dela, orain arte 11.000 langileren baldintzak Madrilek inposatzen zituelako. Hitzarmen honekin, EAErako berezko baldintzak ezartzen dira.

ELAk sukaldaritza kolektiborako EAEko lehen hitzarmena sinatzea lortu du 25 urte baino gehiagoko borroka sindikalaren ondoren, gatazka juridiko ugariren eta greben ondoren. Akordioak itunpeko eskola-jantokietako eta jantoki pribatuetako, egoitzetako, ospitaleetako eta industria-enpresetako 11.000 langile baino gehiagori eragiten die.

Akordioak bi helburu nagusi betetzen ditu: Estatuaren esparruaren inposaketa gainditzea eta Kudeaketa Zuzenaren eta Kolektibitateen arteko lan-baldintzen benetako parekatzean aurrera egitea.

Soldatei dagokienez, % 35era arteko igoerak adostu dira, eta horrek erosteko ahalmena nabarmen hobetzea dakar. Era berean, lanaldi-murrizketa ezarri da, lurraldearen arabera: 74 ordu Gipuzkoan eta 154 ordu Araban eta Bizkaian. Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da.

Akordioaren beste puntu garrantzitsu batzuk lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoa arautzea eta dagozkion langileak subrogatzea dira, baita eguneko gutxieneko lanaldia ezartzea ere. Gaueko lanagatiko eta igande eta jaiegunetako plusak gehitzen dira, eta lan-baldintza bereziak onartzen dira ohikoak ez diren ordutegietan.

Antzinatasuna arautzen da, % 3,5ko balioa duten hirurtekoak ezarriz. Hobekuntza nabarmena izan da aurreko akordioekin alderatuta. Lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa % 100era igoko da, eta % 75era gaixotasun arruntaren kasuan.

ELAk lorpen hori sektoreko langileen lan-baldintzak nabarmen hobetzeko lehen urrats gisa ospatu du. Azpimarratu behar da akordio hori ez zela posible izango hainbeste langilek azken urteetan izan duten etengabeko borrokarik eta erresistentziarik gabe.