ELAk Gipuzkoako Aldundia enpresarioen zerbitzura dagoela salatzen du
Gipuzkoako Foru Aldundiak azken asteetan lotuta dauden hainbat ekimenen berri eman du:
1. Fortuna Handien gaineko Zerga aldatzeko proiektu bat erabaki du. Hau egiteko ez du inolako kontsulta sozialik egin. Bere helburu bakarra ondare handiek ordaintzen dituzten zergak jaistea da. Gaur egun dagoen zerga hori ez da inolako iraultzarik. Zerga honen bidez Ogasunak lortzen duen diru kopurua orain dela urte batzuk zegoen Ondarearen gaineko Zergarekin lortzen zenaren antzeko kopurua da.
2. Halaber, Ogasun diputatuaren ahotik entzun dugu enpresei babesa emango diela, bere esanetan “gure esku dauden tresna guztiekin”. Hots, enpresei zergak areago jaisteko borondatea adierazi du. Haatik, ez du esaten Gipuzkoako enpresek sozietateen gaineko zergan aitortutako etekinen %14 besterik ez dutela ordaintzen kenketa eta bonifikazioei esker (eta portzentaje hori %6raino jaisten da enpresa handien kasuan), eta iruzur fiskal handia dagoela zerga honetan. Ezkutatu egiten du ere zergak murrizteak ez duela enpresen lehiakortasuna hobetzen.
3. Adegi eta enpresekin etengabeko harremana izatea erabaki du (sindikatuekin ez dago halakorik), baita esan ere lankidetza publiko-pribatua sustatuko duela. Honek gogora dakar Gipuzkoa Aurrera dinamika, aurreko Aldundiak desegin zuena; esparru honetan arlo pribatuari aurrekontu publikoaren zati buruzko erabakitzeko ahalmena ematen zitzaion. Horrela pribatizazioa areagotu egin zen eta diru publikoa interes eta irabazi pribatuen zerbitzura jarri zuten.
ELArentzat ondorioa argia da: Gipuzkoako Aldundia (EAJ eta PSE-EE-PSOE) enpresarioen zerbitzura eta langile-klasearen aurka jarri da. Adegiko buruaren adierazpenak, gazteentzat eta Gipuzkoako gizarte guztiarentzat iraingarriak izan zirenak, horrelako testuinguru batean kokatu behar dira, izan ere, Aldundiak agerian utzi baitu enpresaburuei nahi duten guztia ematen jarraituko duela. Beraz, Gibelalde jauna publikoki esatera ausartu da ziurrenik pribatuan ere Aldundiko arduradunekin hitz egindakoa.