ELAk azpimarratzen du behar dena proiektu industrial bat dela, ez kaleratzeak
ELAk lehentasunezkotzat jo du Tubos Reunidos-en taldearen zorraren zati handi bat 2008 urtetik datorrela gogoraraztea, akziodunek 170 milioi euro jasotzeko helburuarekin enpresa bera zorpetu egin baitzen, etorkizun industriala arriskuan jarriz.
Azken urteetan kudeaketa oso txarra izan da, eta irtenbidea beti berdina dela dirudi: espedienteetara jotzea, lan baldintzak prekarizatzea eta ezinbesteko aktiboak abandonatzea, hala nola, Trapagako edo Amurrioko lantegiak. ELAk ez dio enpresako zuzendaritzari lagunduko Amurrioko eta Trapagarango etorkizun industriala desegiten. Gaur egungo kaleratzeak enpresa osoaren amaierarako beste urrats bat izango lirateke. Horregatik, ELA espedientearen aurka dago.
Bada garaia erakundeek, Eusko Jaurlaritza buru dela, adierazpen hutsak alde batera uzteko, egoeraren benetako errudunak seinalatzeko eta ondorioztatzeko kaleratze gehiago sortzea eta Amurrioko altzairutegia ixtea arazoaren parte dela, eta ez konponbidearen parte.
ELAk uste du enplegu erregulazioko espedientearen kontsulta aldiko bilerak egiaztatzen ari direla enpresak ez duela informaziorik eman eta espedientea ez dela justifikatu. Proiektu industrial serio, egiazko eta pertsona trebeek zuzendutako baten alde borrokatzeko garaia da.