Zorionak Kataluniako herriari
2014/09/11
ELAk zorionak eman nahi dizkio Kataluniako herriari, kontsulta egitearen alde mobilizatu den honetan. Halaber, nabarmendu beharra dago ere agerraldi honen deitzaile eta sustatzaile diren aldetik Omniumek eta Assemblea Nacional Catalanak egin duten lana.
ELAren irudiko, 2013ko giza-kateak ezinezko zirudien akordio politikoa iristea posible egin zuen, uste baino askoz epe laburragoan. Gaurko mobilizazioa ere mugarri historiko bat da, zeinak zeharo azkartuko baititu jendarte katalanak eta bere ordezkari legitimoek gaur duela 300 urte kendu zioten subirania nacional beterantz eman beharreko urratsak .
Azken urteotan auzoz auzo eta herriz herri egindako mobilizazio eta pedagogia lana izan da emantzipazio prozesu honen ardatza. Horri gehitu behar zaio estatuarekiko aldebikotasun hipotesi oro behin betiko baztertu dutenen zintzotasun politikoa; estatu horrek erreibindikazio demokratiko eta nazionalik txikiena ere arbuiatu egin du, Katalunia zein Euskal Herriari dagokionez.
Kataluniako eta Euskal Herriko prozesuen artean dagoen distantzia eta desberdintasunak alde batera utzita, ELAk ohartarazi nahi du herri katalana zibismo, ausardia eta anbizio politikozko erakustaldi bat ematen ari dela, betiere ipartzat hartuta edozein prozesu subiranistarako ezinbesteko diren honako hautuak: mobilizazio soziala, ez elitismoa; arrazoitutako argudioak, ez erraietako jarioa; akordio politikoa, ez borroka fratrizida, eta, azkenik, herritarren kontsulta, ez inposizio antidemokratikoa. ELAk uste du Katalunian dagoeneko arrakasta lortzeko osagai guztiak bildu direla; hain zuzen Eskoziarekin batera nazioarteko komunitatean laster aitortza lortzeko moduan izan daitekeen estatuetako bat izateko osagaiak. Lehenbailehen ospatzeko moduan izango ahal gara!
Visca Catalunya lliure!