6.500 sinadura bildu dituzte 10 egunetan irakasleentzako murgiltze ikastaroak mantentzearen alde
Hiru sindikatuek sinadura bilketa bat jarri zuten abian apirilaren 21ean apirilaren 30ean amaitu zena; hamar egunotan 6.500 sinaduratik gora bildu dituzte. Sindikatuen ustez, honek agerian uzten du irakasleek murgiltze ikastaroak beharrezkotzat jotzen dituztela eta hauek mantentzearen alde daudela.
Sindikatuek, ordezkarien elkarretaratzea egin duten bitartean, sinadura horiek aurkeztu dizkiote Hezkuntza Sailari. Mobilizazioan hezkuntza sailari egiten dizkioten eskaera zehatzak gogoratu dituzte:
-
Irakasleentzako euskarazko murgiltze ikastaroak mantentzea (R bidez eskainitakoak barne) langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean.
-
Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako formakuntzan egun dagoen beharra aitortzea eta ikastaroak ez murriztea ikastetxeetako mikro formakuntzetara.
-
Murgiltze bidezko formakuntza honen irismena eta eragina hobetzeko neurriak langileen ordezkariekin jorratzea eta adostea.
-
Formakuntza molde hori bermatzeko, gutxienez orain arteko baliabideei eta inbertsioari eustea.
-
Euskaran ardaztutako formakuntza gaur egungo beharretara egokitzea eta indartzea, sindikatuekin negoziatuta.
Abian jarritako dinamikari jarraipena emanez, sindikatuek ikastetxeetan mobilizazio egun bat deitu dute datorren maiatzaren 14rako. Irakasle talde osoari dei egiten diote egun horretan antolatu eta mobilizatu daitezen.
Hiru sindikatuen ustez, ezinbestekoa da euskararen ezagutzan, soziolinguistikan eta euskal kulturan eta horien guztien transmisioan trebatutako irakasleak izatea eta hauek etengabe formatzea. Hori izan baita urteetan IRALEko R ikastaroen helburua.
Hezkuntza Sailak ordea sindikatuekiko gardentasunik gabe eta alde bakarrez IRALEren R modalitateko ikastaroak 2026-27 ikasturtetik aurrera bertan behera uzteko erabakia hartu du.
Euskal Herrirako euskaran ardaztutako hezkuntza sistema burujabea defendatzen dute sindikatuek, euskararen ezagutza eta erabilera bermatuko dituena eta euskal hiztun osoak heziko dituena, gizarte kohesionatu euskaldun baten alde. Horretarako, irakasleentzako euskaran eta euskal kulturan ardaztutako prestakuntza funtsezkotzat jotzen dute, irakasleak baitira ikasleen eta hezkuntza-sistemaren lorpenen eragile nagusiak.
Hau esanda, sindikatuek uste dute neurri eta baliabide berriak behar direla, baina horiek ezin dituztela daudenak ordezkatu, baizik eta daudenak osatu eta indartu behar direla.
Azkenik, sindikatuek datorren maiatzaren 9rako euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen alde deitu duten manifestazioan parte hartzera ere deitu dute hezkuntzako langileria osoa.