ERREKALEOR

ELAk jardun-polizialari buruzko ikerketa gardena eskatu du

2026/05/25
ELAk jardun-polizialari buruzko ikerketa gardena eskatu du
“Errekaleorreko auzokideek egindako salaketa publiko larrien aurrean, hau da, Ertzaintzak kale egoeran dauden pertsonen zaurgarritasunaz baliatuta modu antolatuan auzora bidali izana gatazkak eragitera, ELAren ustez ezinbestekoa da barne-ikerketa sakona eta gardena”. “ELAk administrazioei exijitzen die gizarte-bazterkeria segurtasun arazo huts gisa lantzeari utzi diezaiotela eta bazterkeria hori eragiten duten kausei aurre egin diezaietela, bereziki pobreziari eta etxebizitzaren merkantilizazioari“.

Errekaleorreko auzokideek salaketa oso larriak egin dituzte maiatzaren 13an beren auzoan izandako gertakarien harira. Auzokideen hitzetan Ertzaintza behin eta berriro ari da kale egoeran dauden herritarrak beren auzora bidaltzen eta beren zaurgarritasunaz baliatuta Errekaleorreko auzokideekin gatazkak izatera bultzatzen dituzte. Maiatzaren 13an URSSA enpresan bizi zen pertsona talde bat bertatik kanporatu ondoren Errekaleorrera bidali zituztela eta beren-beregi proiektuko etxe batera sartzera bultzatu zituztela salatu dute auzokideek.

ELAren iritziz salaketa oso larria da eta Ertzaintzaren jardunari buruzko ikerketa gardena ezinbestekoa da. ELAren ustez ikerketa horren objektibotasuna bermatzeko mekanismoak ezinbestekoak dira, eta Segurtasun Sailari eskatzen dio barne-ikerketa sakon eta gardena bat has dezala, erantzukizun politikoak argitzeko eta ez dadila mugatu bere jarduna justifikatzera.

Era berean, ELAk salatu nahi du kale egoeran dauden pertsonen aurkako jazarpena. Azken asteetan Gasteizen bezala, Iruñean eta Donostian ere kale egoeran dauden pertsonen aurkako jarduerak izan dira. Kasu guztietan kale egoeran dauden pertsona guztiekin bizi-alternatiba egoki bat adostu gabe etxegabetzen ari dira eta, honela, pertsona hauen kriminalizazioa elikatzen ari dira.

ELAren iritziz instituzioen lehentasuna behar du kale egoeran dauden petsonen pobreziaren arrazoiei aurre egitea, bai pobrezia eragiten duen aberastasunaren banaketa injustuari zein etxebizitza merkantzia gisa erabiltzen duen politikari. Kale egoera segurtasun arazo gisa konpondu nahi izateak marko ideologiko erreakzionarioari erantzuten dio eta langile klasearen artean arrakalak eragin nahi ditu, gizartearen pobretzea eragiten ari direnei aurre egin beharrean.

Azkenik, ELAk Errekaleor auzoko proiektuari eta kale egoeran dauden pertsona guztiei bere elkartasuna adierazi nahi die eta Gasteizko herritarrak deitzen ditu gizartearen gehiengoaren pobretzea eragiten ari den egitura politiko eta ekonomikoak salatzen dituzten proiektu eta mobilizazioak babestera.