ELAk euskal alderdie eskatzen die Iceta Lege proiektuari aurkeztutako emendakinekin behin-behineko langile publikoen kontsolidazioa bermatu dezatela

2021/09/07
ELAk euskal alderdie eskatzen die Iceta Lege proiektuari aurkeztutako emendakinekin behin-behineko langile publikoen kontsolidazioa bermatu dezatela
Espainiako Kongresuan hasi da Iceta Legearen tramitea. Hego Euskal Herriko 70.000 langile publiko baino gehiagoren enplegua dago jokoan, eta euskal alderdi politikoen jarrera funtsezkoa izango da.

Joan den astean argitaratu zen BOEn enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko lege-proiektuaren tramitazioa hasi zela. Lege-proiektu hori Diputatuen Kongresuan baliozkotu zen 14/2021 Errege Lege Dekretuaren (Icetazo) ondorio da.

Lege-proiektuaren testua joan den uztailean onartutako bera da, eta, ELAk behin eta berriz adierazi duenez, autogobernuaren beste eraso larri bat izateaz gain, milaka langile publiko kaleratzeko bide ematen du. Gainera, gogorarazi behar da da testua bozka bakar baten aldearekin onartu zela -170tik alde eta 169 kontra-; EAJren abstentzioa erabakigarria izan zen.

Orain, Kongresuko tramitea hasiko da, taldeek zuzenketak aurkeztuko dituzte. Uste dugu orain ere euskal alderdi politikoen jarrera erabakigarria izan daitekeela legearen beraren edukian eta bilakaeran.

Hortaz, ELAk euskal alderdiei eskatzen die emendakinak aurkeztu ditzatela eta horietan zera ezarri dezatela:

  • Erreposizio tasak ezabatzea, enplegu publikoaren beharrak hemen erabaki ahal izateko eta enplegu publikoaren suntsipenarekin eta prekarietatearekin behingoz amaitzeko. Enplegu publikoa sortzeko eta pribatizatutako zerbitzu publikoak lehengoratzeko.
  • Euskal sektore publiko osoan benetako kontsolidazio-prozesu bermatzaileak egiteko oztopo guztiak ezabatzea. Eta hori, honako helburuarekin: Hego Euskal Herrian behin- behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 70.000 langile publikok baino gehiagok enplegua kontsolidatu dezaten.
  • Egungo egoera etorkizunean berriro gerta ez dadin neurriak hartzea: zerbitzu publikoak langile publiko eta egonkorrekin hornitzen direla bermatzeko neurriak.

Helburu hori lortzeko, ELAk sektore publikoko langileen mobilizazioa antolatzen eta bultzatzen jarraituko du. Mobilizazioa izan da, joan den apirilaren 22an deitutako greba barne, Espainiako Gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek adostutako testua baldintzatzen ari dena. ELArentzat, zerbitzu publikoak indartzeko eta horien pribatizazioari atea ixteko unea da, eta, horretarako, behin behineko langileak kontsolidatu behar dira nahitaez.