ELAren proposamenei EAEko hauteskundeetan parte hartzen duten alderdi politikoek emandako erantzuna

2012/10/04
Irail hasieran ELAk EAEko hauteskundeetan parte hartzen duten alderdi politikoei agiri bat bidali zien; beronetan politikak aldatzeko konpromiso konkretuak eskatzen zizkien, baita bilera bat egitea lehendakarigaiekin, gure proposamenen berri izan zezaten. Hona hemen gure balorazioa.

 

Agirian esaten genuenez, emergentzia sozial larrian gaude, eta hau areagotu egiten du erakunde guztiek, Jaurlaritzak barne, aplikatzen duten aurrekontuen murrizketa politikak.

Gure dokumentua aurkeztu genuenetik hona igarotako asteetan hainbat datu berri ezagutu dugu, guztiak ere oso larriak, eta horrek are urgenteago egiten du garatu nahi den politika definitzea. Hona hemen datu horiek:

 

  • Langabeziaren hazkundea: 213.000 pertsona dago enplegurik gabe Hego Euskal Herrian. Gure langabezia-tasa %15,9koa da; aldiz, Europar Batasuneko batezbestekoa %10,7an dago. Inongo prestaziorik jasotzen ez duen langabe kopurua gero eta handiagoa da. Enplegua eta bera duina izatea da arazo sozial nagusia.

  • Madrilen asteon izan den autonomia-buruen Konferentzian presidente guztiek, Patxi Lopezek ere bai, berretsi egin dute konpromiso bat: defizit publikoak aurreikusitako kopuruak ez ditu gaindituko (Eusko Jaurlaritzari dagokionez, 2012an BPGaren %1,5 eta 2013an, %0,7); halaber, Rajoy EBko gainerako gobernuekin hitzartzen ari den murrizte neurriak ezartzen jarraitzeko borondatea. Akordio hori inolako kritikarik gabe ildo jakin batetik doa: Konstituzioaren erreformak eta Aurrekontu Egonkortasunaren Legeak marraztutako ildoa. Hots, akordio honekin atzeraldiaren, langabeziaren eta babes gabezia sozialaren alde egin dute.

  • Hiru Foru-Aldundiek biltzen duten diru kopurua gainbehera datorrelarik, ez da inongo erabakirik hartzen. Bildutako kopuruak txikiagoak direla, defizit publikoaren muga onartzean irtenbide bakarra dago, murrizketei eustea.

Lehendakarigaiei gure ustez begibistakoa den zerbait azaldu nahi izan diegu: Aipatutako lerro horiek ontzat emanez gero, politika instituzionalak oso muga estuak uzten ditu. Gure iritziz, ezinezkoa da bi kontu bateratzea: batetik, behar ditugun politikak -zeinak gure agirian jaso baititugu-, eta bestetik, botere ekonomiko eta finantzarioaren aginduak betetzea (hau baita, izan ere, gobernuak orain arte aplikatu dutena, eta aurrerantzean ere egingo dutena).

GURE INTERPELAZIOAREN EMAITZA

1.- EAJ ETA PSOE: EZ DUTE BILERARIK EGIN NAHI IZAN

EAJk eta PSOEk ez dute bilerarik egin nahi izan; areago, eskariari erantzunik ere ez diote eman. Jarrera honek agerian uzten du gizartearen parte-hartzeari buruz duten iritzia: mespretxatu egiten dute sindikatu nagusia, baita berak defenditzen dituen interes eta helburuak ere.

EAJri dagokionez, jarrera koherentea da Bizkaiko Ahaldun Nagusiak agertu izan duenarekin (alderdi beraren esku dago erakunde hau); honek ELArekin bilera egiteko aukera ukatu egin zuen Foru-Aldundien gobernu-ekintzarako proposamenen agiria igorri genionean, azken udal- eta foru-hauteskundeen ondoren. Bera izan zen hartu ez gintuen Aldundi bakarra (Nafarroako Gobernuak ere berdin jokatu zuen). Orduan esan genuen legez, ezezko horrek aplikatzen dituzten politikekin zerikusia du. Gure proposamenak ez dituzte gustoko, eta beroiek eztabaidatzeko ezein parte-hartze saihesten dute.

PSOEz ere gauza bera esan daiteke. Legealdi hasieran, 2009ko ekainaren 5ean, ELAk bilera izan zuen Patxi Lopezekin; bertan gobernu-ekintzarako beste proposamen sorta bat helarazi zion. Baina bere erabakia ordurako hartuta zegoen: gobernu honek lehentasuna “elkarrizketa soziala”ren antzezpenari eman zion, hots, bere politikei men egiten zioten sindikatuekiko harremanari (esaterako, LANBIDEren kasua); sistema honek mesederik handiena patronalari egiten dio, eta “elkarrizketa sozial” horretatik puntu bakarra gauzatu da, parte hartzen duten antolakundeentzako finantzaketa.

2.- GAINERAKO INDAR POLITIKOAK

Bilerak PP, EH Bildu, Ezker Batua, Ezker Anitza eta Equorekin izan ditugu. Azken hirurek -zeinek ez baitute uste gobernuan parte hartuko dutenik- esan dute gure proposamenen zatirik handiena partekatzen dutela. Ezker Batuak eta Ezker Anitzak salbuespen bat egiten dute “elkarrizketa soziala”ri buruz daukagun iritziaren kasuan. Bi alderdiokin nabarmendu egin dugu sistema hori perbertsio bat bihurtu dela, areago gaurko egoeran.

PPk, berriz, zeinaren lehendakarigaia ez baitzen agertu, gure posizioekiko erabat kontrako jarrera adierazi zuen. Rajoyren eta Patxi Lopezen murrizketak defenditu ez ezik, uste dute areagotu egin behar direla. Adibidez, immigranteei gizarte-prestazioak jasotzeko eskubidea izatearren erroldatuta egon behar den epea luzatzearen aldeko dira.

EH Bilduko ordezkariek esan ziguten gure diagnostikoarekin bat datozela. Halere, ez zuten konpromiso konkreturik aipatu gobernura iritsiz gero aurrekontu-politika propioa ezartze aldera, hots, espainiar gobernuak defizit publikoari buruz edota oinarrizko jotzen dituen gaietan eman dituen agindu zorrotzak saihesteko asmoa.

ONDORIOAK

ELAk berriro dio politikak aldatzeko eragin sindikal eta soziala kalean irabazi behar dela, areago egoera zeharo unilateral honetan; alegia, kanpotik eta oinarritik ekinez. Aldaketak behar ditugu politikan, eta beronek onartzea mugimendu sindikalarekin instrumentala ez den harreman bat. Zoritxarrez, hainbat alderdi sindikatuez soilik hauteskunde-kanpaina iristen denean gogoratzen dira, baina eguneroko praktika politikoan, ardura instituzionalak dituztelarik, parte-hartzeko inongo aukerarik ez digute ematen.

ELAk bere proposamenak berretsi egiten ditu, elkartasun politiken aldeko aldaketa exijitzen dugu. Horretarako, balio handia du Euskal Herrian sindikatuen eta gizarte-mugimenduen artean aliantza gisa egiten ari den lanak. Eta mobilizazioa. Mobilizazio soziala medio baino ez dugu lortuko jasaten ditugun politika neoliberalak aldatzea.