Euskaltelen 3 greba egun deitu dituzte enpresak aurkeztutako kaleratzeei eta murrizketei erantzuteko
40 langile inguru kaleratzea suposatzen du Sistemen unitatea osatzen duen lan taldearen 2/3a azpikontratatzeak. Enpresak 9 miloi euro aurrezteko plangintzaren baitan hartutako erabakietako bat da hori. 2008-2012 urte artean 179 miloi eurotik gorako irabaziak izan arren,irabaziak hazten jarraitzeko helburua dute Euskalteleko akziodunek. Eta lan kostuak murriztuz, langileen bizkar egin gura dute hori: negozio unitate batzuk azpikontratatuz eta azpikontratatutako zerbitzuetan aurreztuz.
ELAk ez du inolaz ere onartzen enpresak aurkeztutako planteamendua eta egungo nahiz iragan hurbilean Euskaltelen akziodun izan direnen gehiegikeria salatzen du. Horregatik, Langile Batzordeak deitutako mobilizazio eta greba egunetan parte hartzera deitzen ditu langileak.
Duela urtebete inguru izaera publiko edo erdi-publikodun zenbait erakundek (Eusko Jaurlaritzak, Kutxabankek, Iberdolak, Endesa eta MCCk) euren akzioak saldu ostean aldatu da Euskaltelen jabegoaren konposaketa. Egun Kutxabankenak dira enpresaren akzioen 49,9%, Iberdrolarenak %2 eta Internacional Cable B inbertsio fondo holandarrarenak %48,10.