NAFARROAKO GRAFIKAGINTZA

Lanuzteak eta mobilizazioak, patronalak hitzarmena negoziatzeari uko egin diolako

Lanuzteak eta mobilizazioak, patronalak hitzarmena negoziatzeari uko egin diolako
LABek, ELAk, UGTk eta CCOOk datozen hilabeteetan mobilizatzeko deia egin diete langileei, AEGRAN patronalak 2014an bertan behera geratu zen hitzarmen bat negoziatzeko urtebete baino gehiagoko ezezkoaren ondoren.

Orain dela urte bat baino gehiago, 2025eko otsailaren 18an, Nafarroako Grafikagintzako Hitzarmena negoziatzeko legitimitatea dugun lau sindikatuok (LAB, ELA, UGT eta CCOO) deialdi bat erregistratu zuten ofizialki, 2014an bertan behera utzi zen hitzarmen horren negoziazioak hasteko. AEGRAN patronalaren erantzun ezaren aurrean, eskaera formalki erregistratu beharrean ikusi zuten beraien burua.

Sindikatuek azaldu dute negoziatzen hasteko eskaera formalaren aurrean erantzuna jaso bazuten ere, alde soziala eta patronalaren arteko edozein elkarrizketa-hasierarako ezezko borobil bat izan zela, “oso argi utziz patronalaren eta patronala osatzen duten enpresen erosotasuna 2014an Nafarroako Grafikoen Hitzarmena erori zenetik sektorean eman diren lan-baldintzen prekarizazioarekin”.

Patronalaren ezezkoaren ondoren, sindikatuek sektoreko langileen 400 sinadura baino gehiago entregatu zituzten AEGRANen egoitzan. Hala ere, patronalak ez zuen erantzunik eman.

Sindikatuek salatu dutenez, “egindako bide honetan oso argi geratu da sindikatuok gaia ahalik eta adostasun handienarekin jorratu nahi dugula eta AEGRAN patronalak ez duela inolako asmorik Nafarroako Grafikagintzako sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko”. Egoera horren aurrean, sindikatuek lanuzteak eta mobilizazioak deitzea erabaki dute, AEGRANi presioa egiteko eta negoziazioan aurrerapausoak lortzeko.

Lanuzte orokorrak egingo dira apirilaren 23an eta maiatzaren 21ean 5:00etatik 6:00etara eta 13:00etatik 15:00etara lantokietan elkarretaratzeak eginez. Era berean, ekainaren 11n greba eguna deitu da sektorean, mobilizazio orokorrekin.

Mobilizazio zehatz hauetaz gain, hurrengo hilabeteetan zehar dinamika ezberdinak burutuko dira Nafarroako Grafikagintzako Hitzarmenaren berreskurapena aldarrikatzeko.

Amaitzeko, sindikatuek mobilizazioekin bat egiten jarraitzeko deia egin diete sektoreko langileei, hitzarmen duin eta negoziatu bat lortzeko helburuarekin bat egin dezaten.