ELAk galdegin du NATO desegin dezatela
ELAren Nazio Batzordeak (organo honetan daude ordezkatuta sindikatuko 12 eskualdeak eta 3 federazioak) dokumentu politiko batean (Langile klasea indartu inperialismo berriari aurre egiteko) finkatu du zein den sindikatuaren posizioa egungo egoerari buruz; halaber, horren berri ematea erabaki du, noiz eta NATOn sartzeari buruzko erreferenduma egin zela 40 urte bete direnean; orduan Euskal Herriko herritar gehienek kontrako botoa eman zuten. Errealitate historiko hau da ELAren abiapuntua: “Europako politika birbideratzeko ezinbestekoa dela, Europaren eta hura osatzen duten herrien burujabetzaren funtsezko gaiari” heltzea. “AEBen mende erdiko mendekotasunari amaiera ematea eta munduko aliantza politiko militar arriskutsuenetakoa den NATOren desegitea sustatzeak Europar Batasunaren helburu izan beharko luke”. Horregatik, dio dokumentuak, “gaur inperialismoa are ozenago salatu behar dugu, eta aldarrikatu mundu ordena beste oinarri batzuen gainean eraiki behar dela: bakea, giza eskubideen errespetua eta herrien burujabetza”.
Europar Batasunaren (EB) rola
Honi dagokionez, ELAk “burujabetza pluralean ulertzen du: Europako politikaren ardatz nagusietako bat izan behar luke burujabetza ezberdinen alde lan egiteak; herrien erabakitzeko eskubidetik hasi eta funtsezko gaietan kontrola bermatzera arte: energia, elikadura, osasuna, zaintza, teknologia…”. Baliabide horiek “modu kolektiboan kudeatu behar dira, kontrol demokratiko eraginkorraren pean. Gaur gaurkoz, Europar Batasunaren markoa bateraezina da ELAk sustatzen duen ereduarekin”.
Gogoratu beharra dago honakoa: “ELAk bere historian zehar elkartasuna eta nazioarteko zein Europa mailako elkartasun eta lankidetzaren alde egin du. Horren adibide, 1973an Europako Sindikatuen Konfederazioaren sorreran parte hartu zuela. Hala ere, sindikatuak oso jarrera kritikoa du Europar Batasunaren bilakaera politikoari dagokionez: ez ditu ontzat eman orientazio neoliberala sendotu duten itunak; hauek orientazio neoliberala sendotu dute eta demokrazia mugatu, langileen eskubideak ahuldu eta zerbitzu publikoak murriztu dira, herriak eta langileria botere ekonomikoaren interesen menpe jarriz, transnazional handien mesedetan”.
Faxismoaren aurkako eguneroko borroka sindikala: M17
Sindikatuak dokumentuan azaltzen duenez, “eskuin muturraren gorakada ulertzeko kontuan hartu behar dira ezkerraren asimilazioa, moderazioa eta dagokion lekua hartu ez izana. Hala ere, pentsatzea Euskal Herria faxismoaren eragin globaletik libre dela inozokeria eta arduragabekeria politikoa litzateke, sindikatuaren esanetan. Indar ultren ordezkaritza instituzional txikiak ez du esan nahi haien balioak euskal gizartean presente ez daudenik”, ohartarazi du ELAk.
Horregatik, “gizarte antifaxista indartzea ELAren eguneroko lan militantearen eginkizunetako bat da. Ekintza sindikalaren bidez sendotzen dugu klase kontzientzia, antirrazismoa, transfeminismoa eta euskararen defentsa: gizarte antifaxista eraikitzen ari gara”. Horrenbestez, honen ondorioz trantsizio ekosozialista eta feministaren beharra dagoela nabarmendu du.
Dokumentua amaitzen da esanez martxoaren 17ko greba orokorra “eginkizun militante horren beste urrats bat” dela. Izan ere, “burujabetzaren, aberastasunaren banaketaren, etxebizitza eskubidearen eta sektore estrategikoen kontrol publikoaren aldeko borroka ezin bereiz daiteke borroka antifaxistatik eta demokraziaren defentsatik”.