Greba egunaren bezperan akordioa Gasteizko Mercedes-Benz-eko logistika garraio enpresan
Zuzendaritzarekin izandako bileren ondorioz akordio bat lortu da. Akordio horretan plantillaren eskakizun nagusiak jaso dira, eta beraz greba-deialdia bertan behera utzi da. Lorturiko akordioak hurrengo puntu hauek jaso ditu:
-
Akordioaren indarraldia: aurrera-eragin mugagabea.
-
Soldatak parekatzea: orain arteko soldata-eskala bikoitza kendu, eta langile guztiek, bidaia bakoitzeko, 10 euroko plus finkagarri bat, ez xurgagarria, jasoko dute, 420 eta 460 euro gordin bitartekoa hilean. Diru-kopuru horiek gorantz aldatuko dira aurreko urteko KPIren arabera.
-
Osagarria, larunbatetan lan egiteagatik: aparteko konpentsazio bat adostu da, lan egindako larunbat bakoitzeko, 140 euro gordin. Era berean, diru-kopuru hori gorantz aldatuko da aurreko urteko KPIren arabera.
-
Lanaldiaren malgutasuna mugatzea: UGTko lehengo ordezkaritzarekin itundutako ordu-poltsa kendu, eta legez ezarrita dagoen lanaldiaren gehieneko banaketa irregularra erregulatzea.
-
Eguneko gutxieneko lanaldia: Eguneko lanaldia 8 ordutik behera zenbatzeari uztea. Zenbatu beharreko eta konpentsatu beharreko eguneko gutxieneko lanaldia 8 ordukoa izango da. Gainera, 8 ordu horiez gaindi dagoen denbora aparteko ordu gisa, edo horren zati proportzional moduan, konpentsatuko da, eta hurrengo hilabetearen nominarekin batera ordainduko da.
Lorturiko akordioa erreferentzia bat izango da Arabako garraio-enpresetarako, eta plantillako 17 langileen batasunaren eta erabakitasunaren ondorio izan da. Ondo agerian geratu da ez dagoela enpresa txikirik lan-baldintzak hobetzeko helburuari uko egin behar dionik. Eta bide horretan ELA bezalako erreibindikazio-sindikatu bat bidelagunik onena da.