ELA betidanik agertu da EAEko lan-hitzarmenak Estatukoengandik blindatzeko prest

2016/10/27
Urriaren 20an ELAk bilera bat deitu zuen EAEko Ostalaritzako egituraren inguruko Akordio Marko bat negoziatze aldera.Bilera hartan Confebaskek esan zuen egiturari buruzko Lanbidearteko Akordio bat (sektore guztiei eragingo liekeena) sinatzeko prest dagoela. ELAk galdetu dio Confebaski ea bere jarrera aldatu den; izan ere, bake soziala eskatzen zuen.

Urriaren 20an ELAk bilera bat deitu zuen EAEko Ostalaritzako egituraren inguruko Akordio Marko bat negoziatze aldera; bertan parte hartu zuten hainbat partronalek: Confebask (Adegi eta SEA), Garen, Bizkaiko Ostalaritza Elkartea, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea eta Gasteizko Ostalaritza Elkartea, baita ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ere. Negoziazio honen helburua da negoziazio kolektiboko egiturari buruzko akordio bat da, euskal akordioak estatu eremuan sinatzen direnetatik blindatzeko. Hots, kontua da egiturazko sektoreko Akordio Marko baten bidez bermatzea ezen patronalak eta sindikatuek berton negoziazio-mahaietan hitzartzen dituzten edukiak izango direla lurralde bakoitzean aplikatuko direnak; horrela ekidingo litzateke hitzarmen estatalen bidez euskal langileen baldintzak pobretzea.

Bilera hartan Confebaskek esan zuen egiturari buruzko Lanbidearteko Akordio bat (sektore guztiei eragingo liekeena) sinatzeko prest dagoela, 2015ean -orduan ere ELAren bultzadaz- sinatu zen Merkataritzako sektoreko Akordio Markoaren eduki berarekin. Akordio honek ziurtatzen du EAEn soilik merkataritza arloko euskal hitzarmenak aplikatuko direla.

ELAk behin eta berriz adierazi du nahi duela sektoreko Hitzarmen Probintzialek lehentasuna izatea, eta ez CEOEk, CCOOk eta UGTk Madrilen dituzten hitzarmenek. ELAk honetaz azkenekoz Confebaskekin 2011 amaieran hitz egin zuen, Zapateroren erreforma laboralaren ostean; orduan Lanbidearteko Akordioa sinatzeko prest omen zegoen patronalak hitza eman zuen idatzizko proposamen bat helaraziko zigula.

Hilabete batzuk igarota, ordea, Confebaskek ELAri jakinarazi zion bere iritzia aldatu zela; bere lurralde-organizazioak (Adegi, Cebek eta SEAk) blindajea ez ziren beste baldintza batzuk ari omen ziren jartzen. Confebaskek enpresetan bake soziala bermatu nahi zuen. ELAk erantzun zion patronalari gurekin horrelako edukirik ez zela sinatuko.

Gero, 2013ko uztailaren 5ean, ELAk parte hartu ez zuen negoziazio baten buruan, Confebaskek uko egin zion Lehendakariak berak luzatutako proposamenari, eta gauza bera exijitzen zuen testu bat aurkeztu zuen: lan-hitzarmenak negoziatzerakoan sindikatuek gatazka alde batera utzi behar zuten.

Horrenbestez, joan den urriaren 20ko bileraren ondoren, ELAk galdera egiten dio Confebaski ea bere jarrera aldatu den egiturari buruzko Lanbidearteko Akordioaren edukiaz; hala balitz, bere proposamena bidal dezala eskatzen dio.

Azkenik, ELAk argi utzi nahi du defenditu egingo duela negoziazio kolektiboa, euskal negoziazio eremua eta honen edukiak, lan-baldintzen pobretzeari aurre egiteko. Gure ekintza guztiek (sindikalak, juridikoak...) helburu bera dute.