Altsasuko Gamesako espedientea iruzurra izan zen

2013/12/11
Altsasuko Gamesako espedientea iruzurra izan zen
2010eko maiatzean Altsasuko Gamesa lantokia itxi eta 150 langileren kontratuak behin betiko eteteko erabakia ez zela Madrilen negoziatu behar ebatzi du Madrilgo Auzitegi Nagusiak.

Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko ataleko hirugarren aretoak ebatzi berri du langileen kontratuen etetea ez zela Madrilen negoziatu behar eta erabaki hari buruzko erabaki administratiborik ezin zezakeela hartu Espainiako Lan Ministerioak, Nafarroako Gobernuak baiziak.

ELAren iritziz  Gamesaren erabaki hura “iruzur hutsa” izan zen eta.gertatutakoaren arduradun nagusia empresa izan zen. Izan ere, espedientea egin zenean 115 milioi euroko irabaziak. adierazi zituen. UGT eta CCOO sindikatuen jarrera ere ez zen onargarria izan. Altsasun ordezkaritza bakar bat izan gabe espedientea onartu zuten Madrilen. Gamesak negoziazioa Madrilera eramanda Altsasun lan batzordeak egindako lana “indargabetu” nahi izan zuten eta UGTk zein CCOO sindikatuek.

ELAk azpimarratu du epaiak baliogabetu egiten du 150 kontratu eteteko espedientea eta aipatzen du kaleratze aurreko egoerara itzuli behar dela.

Madrilgo Auzitegi Nagusiaren epaiak deuseztzat jo du, eta beraz ondoriorik gabe utzi du Lan Ministerioaren 2010eko maiatzaren 6ko Ebazpena, Altsasuko lantokiko 150 langileen lan-harremana azkentzea Gamesari baimendu ziona.

Madrilgo Auzitegi Nagusiak orain deuseztatu duen Lan Ministerioaren ebazpenaren ondorioak Estatu osoko 5 lantokitan banatu ziren (Altsasu, A Coruña, Burgos, Zaragoza eta Valladolid), baina modu desberdinean:

  • Alde batetik, Altsasuko lantokian azkendu zituen 150 lan-kontratu.

  • Eta bestetik, gainerako 4 lantokitan kontratuak ez ziren azkendu, eten baizik.

Gamesak aurkeztu zuen EEEaren eraginpean Estatuko zenbait lantoki zegoenez, eztabaidagai bat sortu zen hasieratik: ea Madrilen egin beharreko negoziazioan 5 plantak hartuko ziren edo, bestela, ELAk aldezten zuenez, Altsasuko EEEaren negoziazioa (azkentze-EEE bakarra) Altsasuko Enpresa Batzordearekin egin behar zen. Hala ere, ELAren iritzia eta guzti, EEEaren negoziazioa Madrilen egin zen, negoziazio batzorde bakar baten bitartez.

Eta gaurko epaiaz deuseztatu duen administrazio-ebazpena, EEEaren Madrilgo negoziazioari amaiera eman ziona izan da.

Epaian deuseztapena argudiatzeko eman diren arrazoiak bi dira:

Lehenengoa: Madrilgo Auzitegi Nagusiaren aburuz Gamesaren kontratuak azkentzeko negoziazioa Altsasuko lantokiko langileen ordezkariekin bakarrik egin behar zen (7 ELA, 2 LAB).

Horretan oinarritu du bere eskakizuna sindikatuak lehen unetik beretik. Epaian bertan (11 or.) adierazten denez negoziazio-prozesuaren hasieratik Altsasuko Enpresa Batzordeak aparte negoziatzeko eskatu zuen, eta EEEa Nafarroako Gobernuan izapidetzeko ere eskatu zuen, Lan Ministerioan izapidetu beharrean. Halaber, epaian jaso denez Altsasuko Enpresa Batzordeak ezetza eman zion negoziazio-batzorde bakarra onartzeari, eta haren bileretara joateari.

Enpresaren argudioa, eta horretan oinarritu zen Lan Ministerioa Madrilen negoziazio bakarra egiteko, zera zen: Gamesa enpresa-talde bat zen. Hala ere, epaiak, luze garatutako arrazoiez, enpresaren argudioa zapuztu, eta enpresa-talderik ez dagoela dio. Negoziazioa, beraz, Altsasun egin behar zen.

Madrilgo Auzitegi Nagusiaren arabera Altsasuko Enpresa Batzordeari aparte negoziatzea utzi ez ziotenez, EEEa behar bezala negoziatu ahal izateko eskubidea eragotzi zieten langileen benetako ordezkariei, eta hori zela-eta ezinezkoa izan zen fede oneko negoziazioa, Langileen Estatutuaren 51. artikuluan ezarrita dagoen bezala.

Bigarrena: EEEa Altsasuko lantokian negoziatu behar bazen, eskudun lan-agintaritza Nafarroako Gobernua zen, eta ez Madrilgo Lan Ministerioa.

Ondorioa: Madrilgo Auzitegi Nagusiaren iritziz deuseztapen bikoitza dago prozesuan (Altsasukoa aparte negoziatu ez izana, eta Nafarroako Gobernuak ebatzi ez izana). Horren ondorioz, baliorik gabe utzi du Lan Ministerioaren ebazpena, Altsasuko lantokiko 150 langileren kontratuak azkentzea Gamesari baimendu ziona.