Langabezia %31 baino gehiago igo da urtebetean Nafarroan
Nafarroan 695 langabe gehiago izan dira maiatzean, 41.137 guztira. Urtetik urterako datuetan, 2019ko maiatzarekin alderatuta, langabeziaren igoera %31,6koa izan da. Gaur egun, duela urtebete baino 9.874 langabe gehiago daude.
Langabeziak gora egin du gazteen artean. Otsailaz geroztik, %37,8 igo da langabezia 25 urtetik beherakoen artean. Hori prekarietatearen eta enpleguen kalitate txarraren adierazlea da. Sektore kaltetuenak, aurreko hilabeteetan bezala, industria (+ %3,5) eta zerbitzuak (+ %1,8) izan dira.
Egoera horren aurrean, ELAk enpleguari eusteko konpromisoa hartzeko eta neurriak hartzeko exigitzen dio Nafarroako Gobernuari, enpresa eta lanpostuak suntsi ez daitezen. Horretarako, ezinbestekoa da sindikatu guztien, patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko akordioa.
Enplegua ez suntsitzeko lehen urratsa ELAk proposatutako enplegu-erregulazioko espedienteak pixkanaka osatuko dituen funtsa sortzea izan behar da. Funts hori finantzatzeko beharrezkoa da Sozietateen gaineko Zergari errekargua ezartzea. Hau da, enpresa-etekinen bidez enpresen bideragarritasuna eta enpleguari eustea. Gogoratu beharra da Nafarroa dela Estatu osoan Sozietateen gaineko Zergaren presio fiskal txikiena duen lurraldea.
Horrekin batera, ekoizpen-eredua aldatzeko estrategia publiko sakona behar dugu. Bizitza erdigunean kokatuko duen sistema ekonomiko bat behar dugu, pertsonen beharrei erantzungo diena, eta, horretarako, ezinbestekoa da lanpostuak ez suntsitzea, enpresak eraldatzea baizik. Neurri horiekin batera, langabeentzako laguntzak aldatu behar dira, pobrezia-egoerak saihesteko eta inor bidean ez geratzeko.