Sei hilabeteko borrokaren ondoren akordioa Lazaro Echeverria lantegian
Sei hilabeteko borroka egin ondoren, akordioa lortu dugu, enpresa-itun bat sinatuz. Horren bidez joandako lankideei 25 egun urteko eman ahal izango zaie, 19 hileko mugarekin.
Enpresaren malgutasun-proposamena atzera bota da, eta soldatak murrizteko proposamena ere (%10) nabarmen gutxitu da; eta beraz aurten %2koa izango da, eta 2014an %1,5ekoa.
Lan hitzarmena lortzea ezinezkoa izan da, baina enpresa-itun bat egin dute 2013 eta 2014 urteetarako, 2015era arteko aurrera-eragina duena. Lan batzordearen aburuz "helburu nagusia lortzerik izan ez badugu ere (enpresa-hitzarmena), ez da inola gutxietsi behar langileen borroka; horri esker aurre egin ahal izan diogu enpresaren xantaiari. Izan ere, hamarkada luzetako ekintza sindikalaren ondorioz lorturiko lan-eskubideak suntsitzen saiatu dira lan-erreforma dela bide" .
Funtsezkotzat jotzen du lantoki-mailako antolamendua. "Gero eta argiago dago, defentsa kolektiboa eratzen asmatzen ez duten enpresetan hitzarmenik gabe geratuko dira, lan-baldintzarik gabe, eta eskubiderik gabe. Eta hortxe dago sindikalismoaren zeregina: antolakuntza eskaini, eta aurre egin gu kolektiboki ahultzeko egiten dituzten saiakerei. Jakin badakigu gatazkan erabiltzen diren baliabideak oso desorekatuak direla; baina estatistiketan argiro ikusten dira emaitzak: zenbat eta gehiago borrokatu, orduan eta gehiago lortu".