Etxebizitza krisiak beste aurrekontu batzuk exijitzen ditu

2026/11/19
Etxebizitza krisiak beste aurrekontu batzuk exijitzen ditu
Xabi Zabala, azterketa bulegoko kidea
Bada Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak aurkezten dituenean inoiz aldatzen ez den zerbait: beti dira historiako aurrekonturik handienak, beti indartzen dituzte zerbitzu publikoak, eta beti herritarren ongizatearekiko konpromiso berria dakarte. Hala ere, titular handiak alde batera utzi eta zifrei erreparatzen hasten garenean, errealitatea ez da hain baikorra.

Ez da berria, halaber, Eusko Jaurlaritzak elkarrizketaz, akordiorako borondateaz eta eraikitzeko espirituaz hitz egitea. Baina gertakariek beste norabide bat erakusten dute. Aurten, gainera, inoiz baino agerikoagoa da Gobernuaren negoziatzeko borondate falta. Azaroaren 17an, Noel d’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak aurrekontuen negoziazioa itxitzat eman zuen, oposizioko taldeekin benetako negoziaziorik hasi ere egin gabe. Beste behin, diskurtsoaren eta praktika politiko errealaren arteko kontrastea agerian geratu da: elkarrizketaz, akordiorako borondateaz eta eraikitzeko espirituaz asko hitz egiten da, baina errealitatea oso bestelakoa da.

Aurrekontuak gai tekniko gisa ulertu ohi dira, esparru politiko eta instituzionaletara mugatutako kontu gisa, eguneroko bizitzarekin zerikusirik ez duten partida eta milioien segida balira bezala. Baina errealitatea bestelakoa da. Aurrekontuak dira, politika fiskalarekin batera, Gobernu batek zer premia artatu, zer eskubide bermatu eta zer desberdintasun borrokatu erabakitzeko dituen tresna nagusiak. Ez dira neutroak: partida bakoitzaren atzean erabaki politiko bat dago, eta partida bakoitzaren faltaren atzean ere bai.
Horregatik, merezi du Eusko Jaurlaritzak aurkeztu dituen kontuei erreparatzea. Aurrekontu-proiektua 17.629 milioi eurokoa da, aurreko urtekoa baino %1,8 handiagoa, iaz aurkeztu zuten Euskal Finantza Aliantza kontuan hartuta. Lehen begiratuan, kopuru horrek ahalegin berri bat dagoela pentsaraz dezake. Baina datuak testuinguru ekonomikoarekin alderatzen ditugunean, argazkia nabarmen aldatzen da. Datorren urterako BPG nominalaren hazkundea %4,9koa izango dela aurreikusten denez, aurrekontuen hazkundea ekonomiaren bilakaeraren oso azpitik geratzen da. Beste era batera esanda, Gobernua ez da gastu publikoaren ahalegina handitzen ari sortutako aberastasuna hazten ari den erritmo berean. Ondorioz, baliabide publikoek pisu erlatiboa galtzen dute, eta gizarte-premiei erantzuteko gaitasuna murrizten da.

Osasunean eta hezkuntzan, ongizate politika ororen oinarrizko bi zutabeetan eta aurrekontuaren zatirik handiena hartzen duten arloetan, aurreikusitako igoerak ez dira nahikoak egungo beharrei erantzuteko, ezta bi zerbitzu publikoek dituzten egiturazko arazoak iraultzeko ere. Hezkuntzara bideratutako partida iaz aurkeztutako aurrekontu-proiektuarekin alderatuta handitu bada ere, aurtengo ekitaldirako aurreikusitako itxiera-kopuruarekin alderatuta 30 milioi eurotan murriztu da. Osasunaren kasuan, gastua %3,04 igo da, inflazioaren azpitik; beraz, horrek ere murrizketa dakar termino errealetan.

Baina bada instituzioen diskurtsoaren eta errealitatearen arteko aldea bereziki ezkutatzen zaila den arlo bat: etxebizitza. Etxebizitza krisi betean, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuaren %2,8 baino ez du bideratzen arlo horretara; hau da, BPGaren %0,5 baino gutxiago. Zaila da ulertzea milaka pertsonaren bizitzan eragina duen, gazteen emantzipazioa atzeratzen duen eta gero eta soldataren zati handiagoa hartzen duen gai batek aurrekontu publikoetan hain leku txikia izatea.

Jaurlaritzak etxebizitzarekin lotutako prestazio ekonomikoetara babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzera baino diru gehiago bideratzen du. Laguntza horiek beharrezkoak izan daitezke egoera jakin batzuk arintzeko, baina nekez konponduko dute egiturazko arazo bat. Gero eta garestiagoa den etxebizitza bat eskuratzeko dirulaguntzak ematea ez da etxebizitza eskubidea bermatzea. Gainera, prestazio horiek diru publikoaren transferentzia dira, azkenean errentatzaileen esku geratzen dena.

Ezin da oinarrizko eskubide bat bermatu parke publiko hain txikiarekin, ezta etxebizitza errentagarritasun-iturri bihurtzen dutenen negozioari mesede egiten dion eredura baliabide publikoak bideratzen jarraitu ere. Beste politika bat behar da: etxebizitza publikoaren parkea nabarmen handitzea, gero eta pertsona gehiago kanporatzen dituen alokairuaren merkatuan esku hartzea eta etxebizitza eskubidea interes espekulatiboen gainetik jarriko duten lege aldaketak egitea. Horregatik, beste gauza batzuen artean, Eusko Jaurlaritzak BPGaren gutxienez %1 bideratu beharko luke epe laburrean etxebizitza-politika publikoetara, ELAk aldarrikatzen duen bezala.

Joan den azaroaren 11ko greba orokorrak, hain zuzen ere, auzi hori jarri zuen eztabaidaren erdigunean. Milaka langile kalera atera ziren erakundeek beren erantzukizuna beren gain har dezaten eta larrialdi sozial baten aurrean erantzun eskasak emateari utz diezaioten eskatzeko. Zaila da aldarrikapen horien eta egungo politiken norabidea apenas aldatzen duten aurrekontuen arteko kontrastea baino adibide argiagorik aurkitzea.

Aurrekontuak diru-sarreren eta gastuen zerrenda hutsa baino askoz gehiago dira. Lehentasunen adierazpena dira, baita Gobernu batek eraiki nahi duen gizarte ereduaren isla ere. Aurrekontu hauek jarraitzen dute gizartearen premia nagusiei erantzun gabe, eta, Jaurlaritzak aurrekontu historiko gisa aurkezten badu ere, nekez esan daiteke aurrekontu sozialak direnik.